'Ilargi guztiak' film luzea ari dira grabatzen Zizurkilen

Jon Miranda Labaien 2020ko eka. 10a, 15:00

Aretazpikoa baserrian ari dira egun hauetan grabazioa egiten; Igor Legarretaren bigarren pelikula da, euskaraz ari dira filmatzen eta kontakizun fantastikoa da.

Joan den martxoaren 13an, COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, bertan behera utzi behar izan zuten Ilargi guztiak filmaren grabazioa. Ekainaren 1ean berriro ere ekin zioten lanari eta hilaren 20ra bitartean, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako lokalizazio ezberdinetan burutuko dute filmazioa. Zizurkilen, Aretazpikoa baserrian ari dira lanean joan den astetik, eta bihar amaituko dutela iragarri dute arduradunek.

Igor Legarreta (Bilbo, 1973) zuzendariaren bigarren film luzea da Ilargi guztiak, aurrez, 2007an Cuando dejes de quererme izan baitzuen estreinako lana. Oraingo honetan, azken gerra karlistan kokatu du kontakizuna eta neskatila bat da protagonista. «Emakume misteriotsu batek oparitan ematen dion hilezkortasuna zigor bilakatzen zaio neskatilari eta umezaro horretan harrapatuta bizi beharko du, harik eta alaba balitz bezala etxean hartzen duen Candido ezagutu arte». Horrela dio filmaren sinopsiak. Kontakizun fantastikoa izango dela baieztatu dute pelikulako iturriek. Haizea Carneros izango da neskatilaren papera jokatuko duen aktorea eta Joxean Bengoetxea izango da Candido. Itziar Ituño, Lier Quesada, Zorion Egileor eta Elena Urizek ere parte hartzen dute pelikulan. Euskarazko filma izango dela iragarri dute.

ZIZURKILEN ETXEAN BEZALA

Aretazpikoa baserrian ari dira filmazio lanak egiten egun hauetan, eta hori dela eta, Zizurkilgo Udalak elizatik baserrira joateko bidea itxi du, ibilgailuentzat.

Gainera Ilargi guztiak filmaren grabazioan parte hartzen ari den lantaldearen esku utzi du Plaza Etxeberri eraikinaren zati bat, bertan otorduak egin ditzaten. Segurtasun protokoloak jarraituz eta lan arriskuen prebentzioan ari den enpresa baten aholkularitzarekin jardun du produkzio taldeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!