"Gure herria den aldetik zer gutxiago ahal dugun neurrian laguntzea baino"

Jon Miranda Labaien 2020ko eka. 4a, 06:00

Zizurkilgo boluntario taldean izena eman dute Malen Gurrutxaga Navasek (Zizurkil, 2003) eta Naroa Eizmendi Etxekonaneak (Zizurkil, 1999). Hemendik aurrera sortzen diren beharrei erantzuteko prest agertu dira.

Nola eman zenuten izena boluntario taldean?

Malen Gurrutxaga.
Niri WhatsApp talde baten bitartez iritsi zitzaidan mezua, herrian boluntario talde bat osatzeko asmoa zegoela esanez. Lagunen artean komentatu eta izena eman genuen.

Naroa Eizmendi. Udaletxetik ohar bat iritsi zitzaidan boluntario talde bat osatzeko asmoa zegoela esanez eta izena ematea erabaki nuen. 

Zein lanetan aritu zarete azkeneko aste hauetan?

M. G. Behin izena eman ondoren deitu zidaten esanez ondoko ezkaratzean emakume heldu bat bizi zela eta laguntza behar zuela zaborra kalera jaisteko. Berekin harremanetan jarri ginen eta zaborra jaisteko beharra izan duen bakoitzean etxera deitu eta laguntzera joan natzaio, beti ere, segurtasun distantziak mantenduz, musuko eta eskularruekin. Atzo hots egin zidan pertsona horrek eta esan zidan kalera jaisten hasita dagoela eta ez duela laguntza gehiago beharko.

N. E. Niri musukoak banatzeko hots egin zidaten, herriko auzoetan zehar adineko pertsonen artean banatu genituen. 20 bat lagun bildu ginen eta binaka antolatu ginen auzo guztietara iristeko. Esan beharra dago, kotoizko oihalekin maskarak egiten jardun dutela Uliazpi zentroan eta hango kudeatzaileak udalari oihala eskaini ziola krisialdi hasieran. Udala herriko jostun batzuekin bildu eta 50 musuko egin zituzten aurreneko asteetan. Batez ere, etxez etxeko langileei eta udal brigadakoen artean banatu ziren haiek, momentu hartan gutxi zeudelako.

M. G. Gu ere, musukoak banatu aurretik liburutegian bildu ginen sei bat lagun. Adineko bakoitzarentzat sei musuko eta azalpenak emanez ohar bat prestatu genituen eta gutunazaletan sartu.  

Jendearen esker ona jaso al duzue?

N. E. Oso-oso eskertuta agertzen zen jendea gurekin. Musukoengatik zerbait ordaindu behar ote zen galdetzen ziguten eta ezetz esaten genien, udalaren bitartez banatzen ari ginela. Nik esango nuke, lehentasunezko tratu hori jasotzea asko eskertu zutela adineko pertsonek.

Zuek biak gazteak zarete, baina zein da boluntario taldean parte hartu dutenen profila?

M. G. Nik uste dut, musukoak banatzera joan ginenean, behintzat, oso adin ezberdinetakoak ginela. Denetariko jendea bildu da. Batzuk aurrez ezagunak genituen, baina herrian bertan bizi den beste jende bat ezagutzeko aukera ere izan dugu.

Konfinamenduak iraun duen garaian zuen egitekoekin jarraitu ahal izan duzue?

N. E. Bai, ni adibidez, unibertsitatean nabil eta online aritu naiz lanean. Presentzialki ez gara, printzipioz, iraila arte bueltatuko. Hala ere, beti hartu daiteke tarte bat herrian laguntzeko. 

Aurrera begira behar berriak sortuko balira laguntzeko prest egongo zinatekete?

M. G. Nik boluntario taldean segitzeko asmoa dut eta norbaitek beharra badu eta deitzen badu, prest gaude laguntzeko. 

N. E. Ni ere berdin, prest nago beharra dagoen bakoitzean laguntzeko. Gure herria den aldetik, zer gutxiago ahal dugun neurrian laguntzea baino. Inportantea iruditzen zait herritartasun hori agertzea. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!