Laguntza behar duten herritarren ondoan egon nahi dute

Jon Miranda Labaien 2020ko eka. 4a, 05:59

Zizurkilgo Udalak herrian dauden zerbitzu eta bestelako baliabideen berri emateko esku orria banatuko du ekainaren 8tik aurrera.

Konfinamendu garaian beharrean izan diren herritarrengana gerturatzeko lanketa egin du Zizurkilgo Udalak. Hurbiltasunari garrantzia eman nahi izan diote eta sortu ahal izan diren beharrei gertutik erantzutea eraginkorragoa dela iritzia, 24 orduz martxan egon den telefono zenbakia jarri dute herritarren eskura: 663 779 727. «Konfinamendu garaian hasi da lanean zenbaki hori, eta deskonfinamenduan ere martxan egongo da, beharrean diren herritarren laguntza eskaerak jasotzeko», esan du Matti Navas Berdintasun zinegotziak.
Telefono zenbaki horren, eta oro har, herrian eratuta dagoen laguntza sarearen berri emateko esku orri bat prestatu du Zizurkilgo Udalak eta datorren ekainaren 8tik aurrera banatuko du herritarren artean. Ainhoa Larrea teknikariak azaldu duenez, Herrigunean etxeko postontzietan utziko dute ale bana, eta Elbarrenan atari bakoitzean jarriko dituzte kartelak. Herriko saltokietan ere eskuratu ahal izango dira esku orriak.

Navasen esanetan euskarri hauen bitartez zizurkildarrei erakutsi nahi diete, herrian badagoela sare indartsu bat, herritarrak asko mugitu direla konfinamendu garaian eta talde asko ari direla modu antolatuan lanean. Besteak beste, emakume elkarteak aipatu ditu Navasek: «Esate baterako, indarkeria matxista jasaten duten emakumeak. Garbi dago gertatzen ari dela. Nola detektatu ordea? Ez da lan erraza, baina esku orriarekin etxeko atariraino iristen bagara, hor dago telefono zenbakia. Garbi dago ez garela beharra duten guztiengana iritsiko, baina baten batengana iristen bagara, hori behintzat emandako aurrera pausoa da». Komunitate oso bat irudikatu nahi izan du udalak kanpaina honekin. «Beharra dutenei ez diegu telefono bat bakarrik eskaini nahi. Esan nahi diegu, komunitate horretan badaudela beretzako egokiak izan daitezkeen taldeak, beren dinamika propioarekin». 
Osasun larrialdian zehar 50 boluntario inguruk eman dute izena Zizurkilgo taldean. Horrek ez du esan nahi laguntza eman dutenen multzoa lagun horietara mugatu denik. «Udaletik 70 urtetik gorakoei zerbait behar ote zuten galdezka deitu zaienean, haiek esan digute bizilagunekin edo ingurukoekin moldatzen zirela. Laguntza sare horiek, neurri batean, espontaneoki sortu dira», aipatu du Navasek.


COVID-19aren aurrean nola jokatu arautzeko udalak protokoloa onartu zuenean oso presente zuen zaintzaren gaia. Larreak azaldu duenez, zaintza komunitarioa nola eskaini aztertu zuten hasiera batean, nahiz eta beharrik ez den egon herrian. «Edo agian beharra egon da, baina ohitura falta dugu zaintza konpartitu bat martxan jartzeko. Ez dakigu etorkizuna nola etorriko den, baina akaso garaia da gai hauen inguruan pentsatzeko». Egunotan banatuko den esku orriak ere gogoeta hori bultzatu nahi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!