Herria biltzen duten harriak

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 21a, 19:59

Zizurkilgo Hernandorena kultur elkarteak, udalarekin lankidetzan, herriko mugarri guztiak aurkitu, garbitu, dokumentatu eta herritarrei ezagutarazteko lana egingo du 2020an zehar.

Zortzi herrirekin egiten du muga Zizurkilek: Aia, Usurbil, Zubieta (Donostia), Andoain, Aduna, Villabona, Anoeta eta Asteasurekin. Hernandorena kultur elkarteak erregistratutako, gutxienez, 70 mugarriren berri izan du eta falta direnak aurkitu, topatutakoak garbitu eta dokumentatzen emango ditu hurrengo hilabeteak, osasun egoerak ahalbidetzen badu behintzat. Gero, elkartekoek ohitura duten bezala, argitalpen batean herritarren eskura jarriko dute informazio guztia.

Dokumentu eta artxibo zaharrak astinduz, barruan egin beharreko sator lana eta herriko mugetan barrena egiteko dagoen landa lana bereizi ditu Joxin Azkue Hernandorena kultur elkarteko kideak. «Askotan mugarriak ez dira oso errazak aurkitzen, leku zailetan egoten baitira, erreka zuloetan edo otez jositako mendi tontorretan. Lan luzea da, joan, buelta handia eman, eta askotan ezer aurkitu gabe itzuli behar izaten dugu etxera».

Udalerri baten lur eremua noraino iristen den mugatzeko, maiz, elementu naturalak erabiltzen dira. Horrela gertatzen da, adibidez, Villabona eta Zizurkil artean Oria ibaiarekin edo Salobieta errekarekin, Aduna eta Zizurkil artean. Ohikoenak mugarriak izaten dira, ordea, «harri berezi eta nabarmenak, garai batean bezala, orain ere, garrantzia handia dutenak». Mugarri zaharrak aurkitu ez, betirako galdutzat eman eta berriak jarri izan badira ere, orain arteko bilketan Hernandorena elkarteko kideek mota askotakoak topatu dituzte. «Mugarri zahar askok gurutze bat zizelkatuta daramate; oso ohikoa da, baita ere, mugarrien gainean muga-lerroa adieraztea eta udalerri mugakide bakoitzaren inizialak zizelkatzea».

Zizurkil, Aia eta Usurbilen lur eremuen muga adierazteko Andatza mendiaren magalean jarritakoak, esate baterako, hiru herriren artekoa adierazten du, baina Zizurkilen bada lau udalerri mugatzen dituen mugarria ere: Laumugarrieta. «Zizurkilgo hegoaldeen dagoen puntuan lekututa, Zizurkilek, Asteasuk, Villabonak eta Anoetak egiten dute bat toki horretan».

Zizurkil herri berezia dela dio Azkuek: «Luzea da eta biztanle denak hegoaldean bizi gara. Elbarrena oso hegoaldean dago eta herrigunea bera ere bai, herriaren beheko partean dago. Hortik gora dago udalerriaren %70a. Paraje ederrak dira, zoragarriak, baina jende gehienak ez ditu ezagutzen. Toki horiek aparte daude, oinez joan beharra dago, eta ordubetetik gora behar izaten da bidea egiteko. Inguru horretan daude mugarri gehienak eta zailak dira aurkitzen, besteak beste, baserriak gutxituta daudenetik ingurune horiek basoak eta sasiak hartuta daudelako».

ORREAGAREKIN GATAZKA

Mugarrien proiektuaren inguruko ikerketa abiatzerako orduan, Erdi Aroko informazioarekin egin dute topo Hernandorenako kideek. XIV. mendera arte zabalagoak ziren Zizurkilgo lur eremuak, eta iparraldean, Andatza mendiko herri lurrak abeltzaintzarako erabiltzen zituzten herritarrek. XIII. mendean Fernando Blancafort izeneko zaldunak, dohaintzan eman zizkion Andatza inguruko lurrak Orreagako Santa Maria errege kolegiatari. Lurra ustiatzen zuen komunitatearen eta Orreagako komentuaren arteko gatazkak hasi ziren orduan: «Andatza mendiaren iparraldeko isurian oso harrobi preziatuak zeuden, errotarriak egiteko aproposa zen harria ateratzen balio zutenak. Horrela ulertu daiteke Orreagak inguru horren jabetzari eusteko erakutsi zuen interesa».

Gatazka ebazteko dokumentua ere topatu dute Hernandorenakoek Zizurkilgo artxiboan. 1389. urteko pergamino ikusgarri bat da, Azkueren esanetan: «Zehatz-mehatz jasota dago mugarrien kokapena, toponimo eta guzti, eta sinestezina bada ere, oraindik ere zutik diraute mugarri horietako gutxi batzuk, hiruzpalauk. Orreagako monasterioaren ikurra zizelkatuta daramate».

Hernandorena elkarteak Javi Castro eta Yoseba Alonso adituen laguntza jasoko du proiektu honetan. Biak ere, aurrez, Usurbilgo udalerriarentzat lanean aritu izan dira eta lankidetzan jardungo dute, orain, zizurkildarrekin. Haien eskutik etorri zaien ezusteko baten berri eman du Azkuek: «Uste genuen Zizurkilgo artxiboan topatutako pergamino zaharra agiri bakarra zela, baina, hara non, Orreagan bertan, Castrok eta Alonsok bigarren bat topatu duten, hemen herrian duguna osatzera datorrena. Dokumentuari falta zitzaion zatia aurkitu dute».

Zizurkilgo kultura batzordeak, aurten, gai honen bueltan antolatua zuen Maiatza Saltsan ekimena, baina osasun larrialdiagatik bertan behera geratu dira ekitaldiak.

Hala ere, egoerak baimentzen duen neurrian, lan honekin jarraitzeko konpromisoa agertu dute Hernandorena elkarteko kideek.

 

Erlazionatuak

Zizurkilgo mugarriak ikusgai

Tolosaldeko Ataria 2020 mai 11 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!