Baserritarren eguna da gaurkoa, eta gero eta baserritar gutxiago diren garai hauetan, badira baserritik bizitzeko hautua egiten duten gazteak; Zizurkilen dago lehen sektoreari lotutako Fraisoro eskola.

San Isidro eguna da gaur, baina inork gutxik jakingo du edo inor gutxik ospatuko du gaur egun baserritarren eguna. Urtetik urtera baserrietako ateak ixten joan dira. Baserriak eta baserritarrak desagertzen. Balore gutxi eman zaion lana izan da baserritarrena, eta sarritan, konplexu handikoa. Baina krisi garai honetan, baserritarrak inoiz baino beharrezkoagoak direla konturatzen hasi da gizartea.

Baserria lanbide izan nahi duenak, eskualdean du horretarako eskola. Zizurkilen dago Fraisoro eskola. 1898. urtetik martxan dagoen instituzioa da. Beti lehen sektoreari lotuta eman ditu saioak eta berrikuntzak ere ekarri ditu sektorera. «Orduan ekonomiaren motorra nekazaritza zen, eta orduko agintariek formakuntza moduan bultzada eman behar zitzaiola ikusi izango zuten, eta eskola jarri zuten Zizurkilen», azaldu du Joxe Jabier Ormazabal Fraisoro eskolako idazkariak. Harrez gero, mantendu egin da lehen sektoreari lotutako eskola, eta egokitzen eta moldatzen joan dira urtez urte. Baina ekonomiaren bilakaerak bestelako jauzia emana du.

Gaur egun nekazaritza eskola da, eta Hezkuntza sailaren pean dagoen eskola publikoa da: «Hezkuntza curriculumak familiatan banatuta daude, eta guri nekazaritza familia deitzen dena egokitzen zaigu. Hor sartzen dira, noski, nekazaritzari zuzenean dagozkion zikloak, hau da, abeltzaintza, baratzezaintza eta frutagintza. Baina, baita loregintza eta lore denden zikloa, eta baita, basogintza eta natura ingurunearen kudeaketaren zikloa ere».

Joxe Jabier Ormazabal: «Asko esaten da; baina gehiago erosi behar da bertakoa, eta gehiago kontsumitu behar da»

Lehen sektoreko ikasketak hautatzen dituztenen kopuruak gorako joera duela nabarmendu du Ormazabalek: «Ikasle aldetik gorantz doa, baina beste kontu bat da ikasle horietatik zenbatek bukatzen duten ikasi duten horretan lanean. Hor, zoritxarrez marra ez da hain goranzkoa».

Baserrian jaio denak baserriko bideari eutsi izan dio, edo ez. Baina kalean jaiotako gero eta jende gehiagok ematen du lehen sektorerako jauzia. «Lehen ustiategi batetik zetozen, eta orain profil hori asko aldatzen joan da. Gaur egun esango nuke gehiengoa sektorearekin loturarik ez duen jendea dela», azaldu du, eta «ez da herri txiki edo landa eremuetako jendea, askotan, herri handi edo hirietatik datoz».

Sektore guztiek formazioa behar dutela uste du Ormazabalek, eta lehen sektoretik bizitzeko hautua egiten dutenentzat garrantzitsua dela ikasketak burutzea dio. Lehen sektorea garai batetik hona asko aldatu da. «Oinarrizko formazioa behar duzu, eta oinarri teorikoa eta praktikoa jasotzen dituzte». Praktikak eskolan egiteaz gain, lanbide heziketa antolatua dagoen moduan, ziklo bakoitzak hiru hilabete egiten ditu berak aukeratutako enpresa batean lanean.

Ikasleen gehiengoa gizonezkoa da Fraisoro eskolan, baina aldakorra dela adierazi du idazkariak: «Aldakorra da urtetik urtera. Normalean lorezaintzan emakumezko gehiago izaten dira, baina nekazaritzako goi mailetan gehienak gizonezkoak izan dira. Paradoxikoki, aurten, ordea, nekazaritzako zikloan hogei ikasle ditugu eta hamaika emakumezkoak dira».

Lurralde bakoitzean ikastetxe bat dago, eta ziklo batzuk euskaraz eskaintzen dituzten bakarrak dira Fraisorokoak. Denetarik duen baserri handi bat da, eta barnetegia dute bertan; ikasle asko bertan bizi dira. «Oso lagun giro ona sortzen dute», argitzen du. «Urte askotan gogoratzen dute, eta bisitan etortzen zaizkigu».

Sektore batzuetan errazagoa dute lanean hastean, hau da, baratzezaintzan esaterako. Eta lorezaintzari dagokionean, hirugarren pertsona batentzat hasten direla lanean azaldu du Ormazabalek. Animalien ustiatoki batean zaila dela dio, eta erreleboan ikusten du arazoa Joxe Jabier Ormazabalek: «Gauzak esatea erraza da, baina erreleboan bai egin beharko litzateke zerbait, eta ez dakit nola eta zer politika hartu beharko liratekeen, errelebo hori gauzatzeko. Ustiatoki asko galtzen ari dira errelebo faltagatik. Azken urteetan asko galdu dira, baina errelebo hori ez da erraza ematen».

Behar adinako preziorik ez 

Lehen sektorearen etorkizunaz: «Bizirik dago, eta bizirik iraun beharko du», esan du. «Krisi honek ere erakutsi digu ezinbestekoa den sektore bat dela, baina era berean, erraza ez den sektorea da. Zergatik? Ekoizten diren produktuak merkaturatzerakoan ez dutelako behar adinako preziorik izaten». Hor, gizartearen kontzientziazio lan handi bat egin beharra dagoela uste du. «Bertako produktuak kontsumitzeko, bertakoa mantentzeko eta azken batean ekonomia hori sustatzeko».

Bertako baserritarren produktuak baloratzen direla uste du, baina horretarako «jende askok erosi behar du, eta mantendu behar du», dio, eta «prezio horiek ordaintzeko prest egon behar du, bestela, kanpoko konpetentziei aurre egitea oso zaila da». Baina era berean, argi du: «Baloratzen da, eta asko esaten da; baina gehiago erosi behar da bertakoa, eta gehiago kontsumitu behar da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!