Kultura aniztasuna jorratuko dute Liburuaren Astean

Jon Miranda Labaien 2019ko abe. 17a, 10:13

Zizurkilen ipuin kontaketa saioak egingo dituzte Mexiko eta Nigeriako elkarteetako ordezkariek, eta bihar, 'Hasiera berri bat' liburua aurkeztuko dute.

Kirol Astea ospatu zuten aurrekoan Zizurkilen eta bihartik aurrera Liburuaren Astean murgilduko dira. Iker Urruzola alkateak nabarmendu duenez, «kirola eta liburu artean ibiltzea bateragarria dela azpimarratu nahi dugu».

Urtero gai baten inguruan antolatzen dituzte Liburuaren Asteko ekitaldiak eta Arantxa Zabala Plazida Otañoko liburuzainak aipatu du, aurten, «kultura aniztasuna» izango dutela ardatz nagusia. Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen joan den astean, eta bihar, Migratzaileen Nazioarteko Eguna denez, bi data horiei egin nahi izan diete erreferentzia aste honetan.

SOS Arrazakeria elkarteak, ostirala bitartean, Gureak ere badira adingabe horiek izeneko erakusketa jarriko du Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan. Eta Mexikoko Mestizas elkarteko eta Nigeriako emakumeek osatzen duten Divinas elkarteko kideek ipuinak kontatuko dituzte, gaur eta etzi.

Bihar Pape Niang senegaldarraren bizipenak biltzen dituen Hasiera berri bat liburua aurkeztuko dute Niangek berak eta Mikel Garcia Idiakez kazetariak. Eta ostiralean amaituko dute astea, Teodoro Hernandorena eta Booktrailer lehiaketen sari banaketa ekitaldiarekin.

LIBURUAREN ASTEA 2019

Gaur, abenduak 17

17:30.Herriguneko Iriarte kultur etxean Mestiza Mexikoko elkarte artistiko eta sozio-kulturalak ipuin kontaketa egingo du, euskaraz, gaztaniaz eta ingelesez.

Bihar, abenduak 18

19:00.Hasiera berri batliburua aurkeztuko dute Pape Niang eta Mikel Garcia Idiakezek Plazida Otaño liburutegian.

Abenduak 19, osteguna

17:30.Divinas Nigeriako emakumeek osatutako elkarteko kideek ipuina kontatuko dute Plazida Otaño liburutegian. Euskaraz, gaztelaniaz eta Igbo hizkuntzan eskainiko dira.

Abenduak 20, ostirala

17:30.Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketako eta Booktrailer lehiaketako sari banaketa ekitaldia Plazida Otañon.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!