Migratzaileen ahotsa entzun dadin entzuteko prest dagoen jendea behar dela aipatzen du Pape Niangek Hasiera berri bat liburuan. Horretarako prest dagoenak bihar izango du aukera Zizurkilgo Liburuaren Astean, eta gaur, Olentzerotan Jakin-Minez jardunaldiaren barruan, Altzon, Batzarremuño kulturgunean, 19:00etan. Niangekin batera ariko da Mikel Garcia Idiakez (Irun, 1980), liburua osatzen lagundu duen kazetaria.
Zein izan da zure lana liburu hau osatzerako orduan?
Galdetzaile, entzule eta notario lanak egin ditut. Pape Niang eta biak, Bilboko SOS Arrazakeriaren egoitzan biltzen ginen ostiralero eta bere bizitza kontatzen zidan. Tartean nik ere galderak egiten nituen eta gauza ugariz eztabaidatzen genuen, migrazioarekin lotutako gaiez alde batetik, baina baita bizitzako beste hainbat gauzez ere. Gogoeta horiek dira nik liburuan jaso ditudanak. Solasaldi horietatik ateratako guztiari forma ematea izan da nire egitekoa.
Nola izan zenuen zuk Pape Niangen ezaguera?
Nik Argia aldizkarian egiten dut lan. Liburua Inor ez da ilegala proiektuaren barruan kokatzen da. 2018ko apirilean Bilbora joan nintzen erreportaje bat egitera. Bilboko kale saltzaile senegaldarrek bizi duten egoerari buruzko artikulua atera nahi genuen. Saltzaile horiek Mbolo elkartea dute eta erreportaje bat izan behar zuenak elkarlan oparo baten abiapuntu bihurtu zen. Orduan sortu genuen Inor ez da ilegala proiektua eta mezu hori zabaltzearekin batera, Mbolo elkartea eta Argia bera indartzeko ekimen bihurtu dugu. Saltzaile senegaldarren elkarteko lehendakaria da Pape eta orduan ezagutu genuen bera eta baita bere istorioa ere. Erabaki genuen, bai ala bai, liburu batera ekarri behar genituela bere bizipenak.
Migratzaile adina migrazioa esperientzia dago. Ordezkatzen du Niangen esperientziak beste migratzaileena?
Bai. Migrazio prozesuen atzean badaude ezaugarri komun batzuk, beti dago zure sorterritik ateratzeko behar bat, zerbaitek bultzatzen zaitu hori egitera. Gero badago bidaia gogor bat, Paperen kasuan lehenengo Afrika zeharkatzera eta gero penintsulara iritsi ahal izateko Mediterraneoa gurutzatzera behartzen duena. Eta bidearen helmugan badago gizarte bat, askotan migratzaileak ongi hartzen ez duena.
Ustezko paradisurik ez dute aurkitzen migratzaileek hona iristerakoan.
Hori dio Papek liburuan. Espainiako estatura iristen den kapitulua horrela hasten du, korrika, ihesean. Gero aurkituko duenaren isla da, beti ihesean ibili behar izan duelako eta trabak eta oztopoak besterik ez dizkiotelako jarri hemen.
Ahalduntze istorioa al da kontatzen duzuena?
Bai. Ez da bakarrik bidaia fisiko bat Papek egiten duena, barne bidaia bat ere bada. Liburuan kontatzen ditugun gogoetak entzuteko modukoak dira, eztabaidarako eta pentsatzeko ematen dute. Migratzaile prozesu honetan bizi izandakoaz gogoeta egin du: Afrikatik nola begiratzen zaion Europari, Europan gero zer aurkitu duen, Europatik nola esplotatzen duten Afrika... Ekonomia sozialetik mundua ulertzeko beste modu bat badagoela ulertu du Papek, elkartasunetik gertuago, guztiak kontuan hartzen dituena.
Han eta hemen, atzapar berdinak sumatzen ditu Papek.
Senegalen gehienbat Frantziako enpresek ustiatzen dituzte bertako lurrak. Papek beti dio lurralde oso aberatsa dela beraiena eta bertakoek aberastasun horren onurak jasoko balituzte, jendeak ez lukeela bertatik alde egin beharrik izango.
Nora bideratuko da liburuaren salmentatik ateratako dirua?
Aurretik telazko poltsekin, kamisetekin eta jertseekin egin dugun bezala, zati bat Argiako proiektura eta beste zati bat Mbolo elkartera joaten da. Liburuaren kasuan ezberdin egitea erabaki dugu. Diru bat gordeko da liburua wolofera itzultzeko eta bertara iristen diren migratzaileen artean doan banatzeko. Liburuaren bukaeran baliabide zerrenda bat agertzen da, Euskal Herrira iritsi berri denak, arlo sozialean dituen laguntzak zeintzuk diren jakin dezan.
Biak izango zarete gaur Altzon eta bihar Zizurkilen.
Bai. Pape oso komunikatzaile ona da. Modu inprobisatuan aritzen da gehienetan eta liluratuta utzi ohi du publikoa.