«Guretzat garrantzitsuagoa zen Gipuzkoako txapelduna izatea Behobia irabaztea baino»

Irati Urdalleta 2019ko azaroaren 9a

Peio Garin. ATARIA

Peio Garin (Zizurkil, 1961) da Behobiaren eboluzioa ikusi duen lasterkarietako bat. 400 edo 500 korrikalari inguruk parte hartzen zuen garaian hasi zen ateratzen, anaiarekin batera.

Punta-puntan ibiltzen zen, eta 1982an eta 1991n garaipena Zizurkilera eramatea lortu zuen, nahiz eta zailtasunei aurre egin behar izan zien: «Krosean eta pistan ibiltzen ginenez, entrenatzaileak ez zigun ateratzen uzten».

Behobia irabazitakoan «emozioa» sentitzen bazuen ere, ez zion hainbesteko garrantzirik ematen: «Orain fama handia dauka, baina orduan ez. Guretzat garrantzitsuagoa zen Gipuzkoako txapelduna izatea Behobia irabaztea baino». Arropek eta oinetakoek ere izugarrizko bilakaera izan dute: «Azokan erositako mila pezetako zapatilekin ateratzen ginen». Gainera, Behobia egiteko moduan ere desberdintasunak ikusten ditu Garinek: «Gu bakoitza bere marka egitera joaten ginen. Orain, berriz, askok taldean ere egiten dute». Aldaketa horien artean emakumeen partaidetza ere ez dago aipatu gabe uzterik. «Gu ibiltzen ginenean, Donostian bertan ere hiru edo lau emakume soilik ikusten ziren korrika», ziurtatu du.

Garinek ere argi dauka Behobia ez dela egin behar korrika hasi bezain laster: «Pixkanaka hasi beharra dago, eta prestatzeko ere proba asko daude». Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio aurretik ondo prestatuta joatea. Hala ere, eta garai batean atletismoari ordu ugari eskainitakoa bada ere, argi du beste gauza batzuei ere begiratu behar zaiela: «Bizitzan, dena ez da kirola».

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!