«Jendeari iruditzen zaio Behobia egiten ez badu, zerbait falta zaiola»

Irati Urdalleta 2019ko aza. 9a, 05:58
Juan Mari Garin. ATARIA

Juan Mari Garin (Zizurkil, 1958) da Behobiako beste korrikalari beteranoetako bat. 1980an egin zuen lehen aldiz eta irabazi egin zuen, baita 1988an eta 1990ean ere.

Azken bost urtean lehiaketak utzita baditu ere, ondo gogoan ditu egindako balentriak. «Irabazitako Behobiak atzo balira bezala gogoratzen ditut». Garaipen horiek eskuratzeko, argi du ez dagoela sekreturik: «Entrenatu eta kilometroak sartu behar dira».

Lorpenak ahazteko ez baditu ere, «gozatzea» dela garrantzitsuena dio, festa handi bat delako. Hala ere, korrikalari batzuek Behobiarekin bere buruari apustua egiten dietela azaldu du, eta bete beharreko helburutzat hartzen dutela. «Jendeari iruditzen zaio Behobia ez badu egiten, zerbait falta zaiola, baina badaude lasterketa gehiago ere», nabarmendu du.

Gaur egun, korrika egitea beste modu batera baloratzen dela ziur du Garinek, eta aldaketak ere asko izan direla: «1.800 korrikalari izaten ginen gu. Janaria, arropak, osasuna zaintzeko modua… dena aldatu da azken 40 urtean». Beraien garaian ateratzen ziren emakumeak ere gogoan ditu. «Gu hasi ginenean emakume oso gutxi izaten ziren, eta ausartak ziren, ez zegoelako oso ondo ikusita emakumeek korrika egitea». Aurrerantzean ere, gero eta emakume gehiagok egingo dutela korrika iruditzen zaio: «Hemendik urte batzuetara, agian, gizonak baino gehiago izango dira». Izan ere, bere esanetan, jada bide bat eginda dago: «Uste dut laguntza handirik gabe erakutsiko dela lasterketa hau ez dela gizonentzat bakarrik, eta emakumeek ere berdin-berdin egin dezaketela».

Garinek, berriz, aurtengo Behobia errepide bazterretik gozatzeko asmoa dauka: «Aurten ez dut korrikarik egingo. Egun hori beste era batera gozatuko dut, korrikalariak animatzen».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!