Jai parekideagoak izateko prozesuaren barruko laugarren eta azken bilera egingo dute

Ataria 2019ko azaroaren 5a

Sentsibilizazioan sakontzeaz gain, jaiak berdinzaleagoak bihurtzeko irizpideak maila mikrora jaisteko saiakera egingo da azken saioan, azaroaren 12an, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean 18:30etik aurrera.

Lau saioz osatutako prozesua izaten ari da, eta herritar zein elkarte guztiak daude gonbidatuta bertan parte hartzera. Farapi kooperatibak gidatu du parte hartze prozesua, jaiak genero-ikuspegitik aztertzea inportantea dela barneratzeko. Jaiek gizarte ordena modu trinko batean erakusten dute, eta ordena hori zilegiztatzeko tresna dira. Edukiak, ekintzak, protagonistak eta, oro har, jaien egitura bera aztertzen ari dira lau saio horietan. Kooperatibaren esanetan, "jaietan emakumeen parte hartzeko baldintzak hobetzen badira, honek ondorio zuzenak izango ditu herriko partehartze orokorrean, baita bizitza sozialean ere". Izan ere, ideia eta baloreen munduarekin lotuta daude jaiak, herriaren nortasunarekin, gizarte egiturarekin eta genero sistemekin.

Emaitza urtea amaitzearekin batera jasoko da. Herritarrak, teknikariak, ordezkariak eta jai batzordeetako eragileak berdintasunaren beharraz formatu eta kontzientziatuko dira bidean, eta, amaieran, jai berdinzaleagoak izateko irizpideak zehaztuko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!