Parekideago izango dira

Jon Miranda Labaien 2019ko eka. 6a, 19:59

Zizurkilgo Udalak prozesu parte hartzailea jarriko du abian, herriko jaiak berdinzaleagoak izateko; herriko eragile eta norbanakoak bilduko dituzte lau saiotan.

Duela bi urte jaietako indarkeria matxista kasuetarako protokoloa egin zuten Zizurkilen. Herriko jaiak berdinzaleak izateko bidean urrats bat izan zen hura, eta orain bigarrena abiatuko dute. Ekainaren 18an hasi eta azarora bitarte, Farapi kooperatibak gidatutako parte hartze prozesua egingo dute, jaiak genero ikuspegitik aztertzea inportantea dela barneratzeko.

Lau saio izango dira eta, prozesuak irauten duen bitartean herriko bi jai nagusiak ospatzeak, ahalbidetuko du festa horiek berdintasunaren ikuspegitik aztertzea. Herrigunean abuztua erdialdean eta Elbarrenan iraila hasieran izango dira festak. Farapi kooperatibako kideek aipatu dutenez, ospakizunen atzean antolakuntza lan handia dago, eta prestaketa eremu horietan emakumeen parte hartzea edo parte hartze eza ere ebaluatuko dute. «Hala ere, antolakuntza mistoa izateak ez du jaia parekidea izango denik bermatzen».

Jaiek gizarte ordena modu trinko batean erakusten dute eta orden hori zilegiztatzeko tresna dira, horregatik abiatu nahi dute jaien inguruko hausnarketa Zizurkilen. Edukiak, ekintzak, protagonistak eta, oro har, jaien egitura bera aztertuko dute lau saio horietan. Kooperatibaren esanetan, «jaietan emakumeen parte hartzeko baldintzak hobetzen badira, honek ondorio zuzenak izango ditu herriko parte hartze orokorrean, baita bizitza sozialean ere». Izan ere, ideia eta baloreen munduarekin lotuta daude jaiak, herriaren nortasunarekin, gizarte egiturarekin eta genero sistemekin.

Prozesu parte hartzailea gidatuko dutenek argi dute, festak genero indarkeria egitura batean kokatzen direla eta horrek jaiak aukera berdintasunean bizitzeko aukera mugatzen diela emakumeei. «Eraso sexualak, sexu jazarpenak, ukitzeak, hitz zikinak... Diagnostikoan kontuan hartu behar dira».

Beraz, herriko jaietan gertatzen diren genero indarkeria egoerak ezagutu eta aztertzeaz gainera, indarkeria hori bultza dezaketen elementuez pentsatuko dute prozesuan. Horrekin batera, emakumeen parte hartzea laguntzen duten elementuak identifikatzen hasiko dira, eta maskulinitate eta feminitate tradizionala erreproduzitzeko existitzen diren elementuak ezagutu eta jaietan beharrezkoak ote diren baloratuko dute parte hartzaileek.

Emaitza urtea amaitzearekin batera jasoko dute. Herritarrak, teknikariak, ordezkari politikoak eta jai batzordeetako eragileak berdintasunaren beharraz formatu eta kontzientziatuko dira bidean, eta amaieran, jai berdinzaleagoak izateko irizpideak zehaztuko dituzte.

LAU SAIO

Ekainak 18, asteartea

18:30. Plazida Otaño liburutegiko balio anitzeko gelan, jaiak begiratzeko gakoak emango dira eta beste leku batzuetako jaiak aztertuko dira.

Irailak 24, asteartea

18:30. Sentsibilizazioa landuko da eta Zizurkilgo jaien errealitatera hubilduko dira Plazida Otaño liburutegiko balio anitzeko gelan.

Urriak 22, asteartea

18:30. Jaietako irizpide orokorrak identifikatzen saiatuko dira Plazida Otaño liburutegiko balio anitzeko gelan.

Azaroak 12, asteartea

18:30. Plazida Otaño liburutegiko balio anitzeko gelan, sentsibilizazioan sakontzeaz gain, jaiak berdinzaleagoak bihurtzeko irizpideak mailamikrora jaisteko saiakera egingo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!