Jai egitaraua gazteleraz argitaratzea lortu dutelako "pozik"

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 3a, 17:23

Jose Antonio Sanchez PSE-EEren zinegotzia gustura agertu da udal gobernuak atzera egin eta festetako egitarau liburuxka berria argitaratu eta banatu duelako, "PSE-EEk eskatu bezala, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz". 

Zizurkilgo PSE-EE "pozik" agertu da udalak atzera egin eta festetako egitarau liburuxka "bi hizkuntza ofizialetan" zabaldu duelako: euskaraz eta gazteleraz. 

PSE-EEren kontaketaren arabera, abuztuaren 26ko udal bilkuran Jose Antonio Sanchez kexu agertu zen: "EH Bilduko alkateari esan genion herrian zabaldu zuten festetako egitarau liburuxkarekin ez ginela ados. Herritarren artean zegoen ondoeza adierazi genion. Bizilagun ugarik liburuxka hori baztertu egin zuten, herritarren zati bat hizkuntzaren arloan diskriminatua zelako". PSE-EEren esanetan, alkateak eskuak garbitu zituen, erabakia festa batzordearen ardura zela esanaz. "Jarrera horren aurrean, Zizurkilgo udal talde sozialistak kalean zeuden festetako karteletan aldaketak egin zituen, gaztelera sartuaz eta sare sozialetan zabalduz; herritar guztiak egoki informatuak egon zitezen". 

Jose Antonio Sanchez "pozik" agertu den arren liburuxka berriarekin, Iker Urruzola alkateari ondorengoa gogoratu nahi izan dio: "Etorkizuneko udal aldizkariei begira, herritar guztiok dugu eskubidea Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan informatuak izateko. Sentsibilitate eta zentzu kontua izateaz gain, edozein erakunde publikok duen obligazioa dela gogoratu nahi diogu".

Azkenik, gaztelera hutsean zabaldu duten prentsa oharrean, PSE-EEko ordezkariek Zizurkilen bizikidetzaren alde lanean jarraituko dutela esan dute; "elkarbizitza erabat normalizatua izan dadin eta diskriminaziorik egon ez dadin, ez arrazoi politiko, jatorri, hizkuntza edo sexuarengatik". Udalak tolerantzia eta errespetu adibide izan behar duela azaldu dute PSE-EEko kideek, eta azpimarratu nahi izan dute, "gure gizartea aberasten duten" bi hizkuntza ofizial izateko "zortea" dutela.

Hemen, Zizurkilgo Udalaren erantzuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!