"Errespetuz, poliki eta inor mindu gabe, baina aldaketak eman behar dira"

Jon Miranda Labaien 2019ko eka. 6a, 12:06

Egindako lanaren emaitza da orain martxan jarriko duten prozesu parte hartzailea, jai berdinzaleago batzuk izateko gizarteak agertu duen beharrari erantzuten diona. Ainhoa Larrea udal teknikariak azaldu ditu xehetasunak.

Zertara dator orain prozesu parte hartzaile hau?

Azkeneko zortzi urte hauetan udalak apustua egina du berdintasunaren gaia mahai gainean jartzeko. Agendan sartu da. 5.000 biztanletik beherako herrientzako Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun sailak martxan duen Berdinbidean programan parte hartzen dugu. Egia da ez dugula gai hauek lantzen dituen teknikari berezi bat, baina beste sailekin batera txertatzen ditugu kontu hauek gure eguneroko jardunean. Udalean berdintasunak bere lekua hartu du. Aurrekontuan diru sail bat gordetzen da, plangintza bat dugu, Berdinbideaneko parte gara... egonkortuta daukagu dagoeneko esparru hau udalean.

Zer nolako aholkularitza jasotzen duzue Berdinbidean programatik?

Urtean zehar topaketak egiten ditugu eta herri bakoitzaren errealitatea kontuan hartuta, urteroko plangintza zein eredu jarraituz egin beharko genituzkeen zehazten dugu. Jardun beharreko lan ildoak aukeratzen ditugu bilera horietan. Adibidez, gazteekin indarkeria matxista prebenitzeko ildoa martxan dugu eta Gaztezulon presente dugu gai hau. Lanketa horren ondorioz sortu dira liburutegiko Emakumeen Txokoa eta jabekuntza saioak.

Kontu-hartzaile eta idazkariak parte hartzen dute Berdinbideaneko formazio saioetan, gero beraien lanetan berdintasunaren ikuspegia txertatzen joan daitezen. Berdintasunak harago jo behar du, hirigintza, obra eta zerbitzuetara jo behar du; Udalean pisua duten sail horietara iritsi behar du, bai ala bai.

Teknikaririk ez dago herrian.

Nahi bai. Berdinbideanen apustua egin zuen iaz berdintasun teknikariak kontratatzeko. Laguntza batzuk eskaini zituen mankomunatuta zerbitzu hau eskaini genezan. Lehen urterako bai, baina hortik aurrera, bigarren edo hirugarren urtetik aurrera udalak asumitu beharko luke teknikari horren kontratazioa. Eta Zizurkilen tamainako herri batek ezingo luke bere gain hartu gastu hori.

Hortaz, zu denetarako udal teknikaria zara...

Bai. Kirola, kultura, euskaraz, berdintasuna... askotan eromena izaten da. Baina horrek bentaja bat ere badu. Hainbestetan aipatzen den zeharkakotasuna naturalki ematen da hemen. Sail guztiak elkarrekin harremanetan daudenez, gaiak planteatzen direnean perspektiba guztiak kontuan hartzen dira. Espazio hau bera kudeatzeak –Plazida Otaño liburutegia– ere lana dakar, baina izugarrizko buelta eman dio herriari, baita plazaren egitura berriak ere.

Mugimendu feministak azkena aldian agertu duen indarrak bultzatu al du udalean gai hauen lanketa?

Bai, bultzatu du neurri batean. Duela zortzi urte hasi ginen honekin lanean. Gure lehen lan ildoa jabekuntzarena izan zen. Momentu horretan Zizurkilen bazegoen talde bat Donostian Medeaken eskutik formazioak egiten zituena. Apustua egin genuen eta Medeakekoak hona ekarri genituen, emakume horiek herrian bertan formazioarekin jarraitu ahal izan zezaten. Gazte hauek heltzen joan dira, eta Oporretan Euskaraz-eko begirale bihurtu dira horietako batzuk, honenbestez berdintasun ikuspegi hori txertatu dute gazteekin. Soka bat da, kate bat, transmisioa bermatzen dugu horrela eta hor dago aberastasuna.

Orain da ekiteko unea?

Azken bi urteetan Martxoak 8ak garrantzitsuak izan dira Aiztondon, oso indartsuak. Baina ez dira egun horiek bakarrik izan, atzetik badago lanketa bat eta horrek fruituak eman ditu. Sakonagoak dira lanketa horiek eta denboran iraunkorragoak. Berdinbideanen esan izan digute, gai honetan landu behar ditugun esparruek prozesu izaera izan behar dutela, ezin dira soilik ekintza solteak izan.

Festak dira esparru bat non ahalegin berezia egin behar den?

Bai. Festa guztiak bezala hemengoak ere tradizioenetan oinarrituta daude. Gauzak aldatu dira, baina oraindik ere pausoak eman behar dira. Errespetuz, poliki eta inor mindu gabe, baina aldaketak eman behar dira. Bestela gizartearen norabidearen kontra joango ginateke.

Zuk sumatzen al duzu puntu gorririk?

Adibidez, iazko txupinazoa feminista izan zen eta kontraesana iruditu zitzaidan, horren aurretik egin zen zumbatoian, jendea El anillo pa cuando kantuarekin ibili izana. Inork ez zuen aurrez planteatu, baina begirada hori egin izan bagenu, akaso ez litzateke horrela gertatuko. Bestalde, umeen egunean amak etortzen dira umeekin eta ez aitak. Edo mutilek joera handiagoa daukate jolasean plazaren erdian aritzeko eta neskak bazterretan geratzeko. Mila adibide daude.

Parekideak dira festa batzordeak Zizurkilen?

Egia esan, nik uste dut nahikoa parekideak direla. Bi festa batzorde dauzkagu herrigunekoa eta Elbarrenakoa eta bietan aritzen dira antolakuntzan neskak eta mutilak. Gero, antolatzen diren ekintzetan zein lan egiten dituen batek eta besteak, horri begiratu nahi genioke prozesu honetan.

Nola irudikatzen dituzu zuk festa berdinzale batzuk?

Aurretik aipatutako kontraesanik gabekoa, alde batetik. Eta gero, ekintza batzuk gizonak egiten dituztenak, gizon eta emakumezkoak egitea aurrerantzean. Taldeak ekartzen direnean edo DJ bat etortzen denean ez daitezela beti mutilak izan. Festak programatzerako orduan, iritsi dadila momentu bat non ez diogun gure buruari galdera hori planteatu behar.

Espazioak okupatzerako orduan sumatzen duzu diferentziarik?

Uste dut, berdinzaleak izateko emakumeok ez dugula gizonezkoek egiten duten guztia egin behar. Emakumeak bere rola bilatu behar du. Agian festa eredua aldatu behar da. Orain arte egiten direnak aurrerantzean egin behar dira, edo ez dira egin behar? Eskema berri horietan bere tokia bilatu behar du emakumeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!