EH Bilduk jarraituko du alkatetzan, gehiengo osoa eskuratu ondoren

Ataria 2019ko mai. 27a, 09:35

Zizurkilen sei zinegotzi lortu ditu koalizioa abertzaleak, duela lau urte bezainbeste, eta ordezkaritza jaitsi du EAJk, lautik hirura; PSE-EEk bikoiztu egin du zinegotzi kopurua.

Aldaketarik ez da izango Zizurkilen, nahiz eta aurpegi berri batek gidatuko duen udala datozen lau urteetan. Iker Urruzola EH Bilduko hautagaia izango Zizurkilgo alkatea, 2023ra bitarte. Gehiengo absolutua lortu du koalizio abertzaleak, eta «pozik» agertu da Urruzola: «Aurreko udal taldeak egindako lanaren isla da emaitza, eta baita herri mailan egiten duen lanaren emaitza ere. Botoen kopuruak nabarmen egin du gora».


Urruzolarekin batera, zinegotzi izango dira Zizurkilen EH Bilduko Maite Amenabar, Iban Lizarraga, Matti Navas, orain arteko alkate Joxe Mari Luengo eta Xabier Pellejero.


EAJk hiru zinegotzi eskuratu ditu Zizurkilen. Trini Altimasberez jeltzalea izango da oposizioko burua eta, berekin batera, udal ordezkari izango dira Marian Lazkano, orain arteko zinegotzi jeltzalea, eta Elixabete Bello. Lazkanoren hitzetan, uste baino boto gutxiago eskuratu ditu EAJk. «Gehiago espero genuen, alderdi sozialistak zinegotzi bat igo du eta guk bat galdu. Irabazleei zorionak ematea besterik ez zaigu geratzen. Oposiziotik ere Zizurkilen alde egin daiteke eta horretan jardungo dugu».

Sozialistak gora

Pozik agertu da Josean Sanchez PSE-EEko alkategaia, duela lau urteko emaitzak hobetu baititu. Alderdi sozialistak zuen zinegotzi bakarra zen orain arte Sanchez,eta orain, ondoan izango du beste zinegotzi bat: Conchi Fernandez. «Geure buruari jarri genion helburua bete dugu», esan du Sanchezek. Lehen irakurketa egin nahi izan du zinegotzi sozialistak: «Lau urteotan lan egin dut, eta ikuspuntu sozialistatik Zizurkilen zer esana badugula uste dut. Egindako lana ikusi dute herritarrek eta pozik nago horregatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!