Jose Arana Irastorzaren plaka lapurtu dute Polloeko hilerritik

Ataria 2019ko mai. 8a, 13:09

Argazkia: IƱaki Agirre/Irutxuloko Hitza

Zizurkilgo Udalak familiaren baimenarekin jarri zuen oroitarria iazko uztailean. Arana Irastorza Gerra zibilean hildako EAE-ANVko lehenengo gudaria izan zen. 1936ko irailaren 17an erail zuten Zarateko Bentan, Zizurkilen.

Josetxo Arana Jose Arana Irastorzaren iloba da. Gaur goizean eman diote albistea: "Polloetik deitu didate plaka falta zela esateko. Aste Santuen aurretik desagertu zen. Zizurkilgo Udala jakinaren gainean jarri zuten eta gaur familiari deitu digute, berriro jarri ahal izateko baimena eman behar baitugu. Gure artean hitz egin dugu eta ez dago arazorik".

Jose Arana Irastorza hil ondoren, gorpua berreskuratu eta Loiolan (Azpeitia) egin zizkioten hileta elizkizunak, gero, gordeka eraman zuten hilkutxa Arrasatera, lur ematera –bertako San Joan Bautista parrokiko hildakoen liburuan jasota geratu zen–. 25 urte geroago, klandestinoki, Donostiako Polloeko hilerrira eraman zuten bere senideekin batera atseden har zezan, familiaren panteoian. 57 urte gehiago behar izan ziren gatazkan hildako EAE-ANVko lehen gudaria omentzeko. Zizurkilgo Udalaren ekimenez, familiaren panteoian plaka jarri zuten: «Gerra Zibilean borrokan hil zen EAE-ANVko lehenengo gudaria. Eusko Indarra konpainiarekin Euskal Herria defendatzen ari zela hil zuten Zizurkilgo Zarate Bentan 1936ko irailaren 17an. Agur eta Ohore Eusko Gudariei!».

"Atsekabea, haserrea, amorrua, inpotentzia sentitu ditut berria jasotakoan. Hilerri batean gainera. Kanpoan dauden oroitarriak puskatu edo lapurtzen dituztenean ez duzu ulertzen, baina hilerri batean oraindik eta gutxiago. Familiaren panteoian zegoen plaka eta koldarkeri izugarria iruditzen zait", adierazi du Josetxo Aranak. 

Zizurkilgo Udalaren erreakzioa

Joxemari Luengo Zizurkilgo alkatea ere haserre agertu da: "Penagarria da. Memoriaz eta memoriaz hitz egiten dute baina batzuek alde batera bakarrik daukate memoria; beste aldera, horrelako gauzak egiten dituzte. Salatu egin nahi dugu, baina baita ere berriro jarriko dugula esan. Lehen gudaria zelako eta orokorrean gudari guztiak oroitzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!