Zarateko Bentan, Zizurkilen, Euskadiren eta Errepublikaren defentsan ari zela hil zuten Jose Arana Irastorza donostiarra 1936ko irailaren 17an. Gorpua berreskuratu eta Loiolan (Azpeitia) egin zizkioten hileta elizkizunak, gero, gordeka eraman zuten hilkutxa Arrasatera, lur ematera –bertako San Joan Bautista parrokiko hildakoen liburuan jasota geratu zen–. 25 urte geroago, klandestinoki, Donostiako Polloeko hilerrira ekarri zuten bere senideekin batera atseden har zezan; eta 57 urte gehiago behar izan dira gatazkan hildako EAE-ANVko lehen gudaria omentzeko. Zizurkilgo Udalaren ekimenez, familiaren panteoian plaka jarri dute: «Gerra Zibilean borrokan hil zen EAE-ANVko lehenengo gudaria. Eusko Indarra konpainiarekin Euskal Herria defendatzen ari zela hil zuten Zizurkilgo Zarate Bentan 1936ko irailaren 17an. Agur eta Ohore Eusko Gudariei!».
Joxemari Luengo Zizurkilgo alkateak zabaldu du ekitaldia eta nabarmendu du, «ezinbestekoa» iruditu zaiela omenaldia egitea, «Euskal Herriaren historiaren pasarte zail eta gogor bat gogora ekarri nahi izan dugu, memoria bizirik mantendu dezagun. Zor diegu». Zizurkilgoak, ondoan izan ditu, uneoro, Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Josu Amilibia Adunakoa; izan ere, hiru udalerriak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, urteak daramatzate memoria historikoa berreskuratzen. 1936ko uztailaren 18an altxatutako militar kolpistei aurre egiteko, urte hartako abuztua eta iraila artean Aiztondoko mendietan eratu zen defentsa sistema ikertzeko lana egin dute udalek Aranzadi zientzia elkartearen laguntzaz. Publikazio ezberdinak argitara eman, eta aurten laugarren aldiz, auzolandegiak antolatu dituzte mendietan eraiki ziren lubakiak ikertzeko. Larraulgo Udala batu zaie aurten proiektura eta gazteak bertako lurretan ari dira egunotan indusketak egiten. Polloeko hilerrian egindako ekitaldian ere presente egon dira.
Belaunaldi berri horiekiko balioen transmisioan jarri du arreta Donostiako Udaleko Lehendakaritza, Gardentasuna, Giza Baliabideak eta Berrikuntzako zinegotzi delegatuak, Juan Ramon Viles Mitxelenak: «Jose Arana Irastorza bezalako pertsonek erabateko konpromisoa agertu zuten balore demokratikoekin eta gure betebeharra da hori oroitzea. Guztia eman zuten ezeren truke. Ohore bat da hemen egotea eta balio beza ekitaldi honek zor historikoa kitatzeko»". Donostiarra zen Jose Arana Irastorza, Donostian dago hilobiratuta, eta horregatik, Donostiako Udalak ere parte hartu nahi izan du ekitaldian.
Udal ordezkarien eskutik lore sorta jaso ondoren, hunkituta hitz egin du Jose Arana Irastorzaren ilobak, osabaren izen bera daramanak: «Eskerrik asko Zizurkilgo Udalari, Aranzadi zientzia elkarteari eta bereziki Karlos Almorzari. Bera bezalako asko behar ditugu».
IBILBIDE LUZEA
Aranzadi zientzia elkarteko Jabi Buces historialariarekin batera, Karlos Almorza doktoreak gidatu du Azpeitiko komandantziaren inguruko azterketa historikoa azken urte hauetan. Bera tematu da frontean hildako lehen gudarien aztarnen bila eta Jose Arana Irastorzari gertatutakoaz gehiago jakin nahian jo zuen Donostiako telefono gidara. Arana abizeneko guztiei hots egin zien banan-banan EAE-ANVko gudariaren ilobarekin topo egin arte. Eskuzabalik hartu zion honek: «Urte guzti hauetan zure zain egon gara», esan zion etxeko atea zabaldu bezain pronto.
Josetxo Aranak eskerronez jaso du osabari egin dioten omenaldia, «niregatik baino gehiago, nire amona zenagatik». Semea gerran hil ziotenez geroztik, gorpua Donostiara ekarri eta familiarekin ehorztea beste ideiarik ez zuen izan buruan Dolores Irastorzak. Lortu zuen amestutakoa, Polloeko hilerriko panteoian berekin batera hilobiratuta baitaude, bere bederatzi seme-alabetatik bost. Tartean, gerran hil zioten hura.
Ez zen erraza izan, ordea, EAE-ANVko gudariaren gorpua Donostiara ekartzea. Josetxo Aranak gogoan du amona zenak urtean bi bisita egiten zizkiola hildako semeari Arrasateko kanposantuan: San Jose egunez buelta bat eta santu guztien egunean bestea. «Azaroaren lehen eguneko bisita horietako batean, euri ari omen zuen gogotik eta gure amona busti-busti egin zen. Gerra garaian latzak pasatako beste emakume bat tokatu zitzaion ondoan, Maritxu Etxeberria, eta etxera gonbidatu zuen lehortu zedin eta zerbait hartu zezan. Egun hartatik aurrera, adiskidetasun handia sortu zen bi familien artean, gaurdaino iraun duena». Momentu zailetan ere jaso dute familia horren babesa: «Une batean amonari esan zioten osaba Joseren hilobia hustu egin behar zuela, eta gorpuarekin zer egin jakin gabe geratu zen. Familia honek bere panteoian lekua eskaini zion eta gurutzearen atzean zegoen zulo batean sartu zuten osaba, adreiluz tapatuta. Handik erraz ateratzeko moduan utzi zuten hilobia, Donostiara ekartzeko ideia baitzuten nire aitona-amonek». 1961. urtean gauzatu zen asmoa, eta orduan ere, isilpean ekarri behar izan zuten gorpua Arrasatetik. «Ordurako, ordea, amona hila zen».
Bizi izan zen artean, hala ere, ondo gogoan izan zuen Dolores Irastorzak gerran hil zioten semea. Gorpua hilobiz aldatzerako une horretan, semearen bi hezur txiki hartu zituen eta aldean eraman zituen hil zen arte. Etxean gordeta eduki zituen, baita ere, EAE-ANVko kideek hiletetako lore-koroan jarri zizkioten zintak eta semea frontean hil zietela jakinaraziz idatzi zieten karta. Gaur egun, Josetxo Aranak Aranzadi zientzia elkartearen esku utzi ditu ondasun horiek guztiak.
Argazkiak: Aranzadi zientzia elkartea
Amak hildako seme gudariari zion debozio bera dio Josetxo Aranak amona zenari. «Aitona-amonekin hazi nintzen eta beste seme bat bezala tratatu ninduten. Osabaren izen bera daramat, Jose, eta askotan pentsatzen dut ez ote ninduen amonak, hil zioten semaren ordezkotzat hartu. Ez dut uste. Iruditzen zait nire tokia aitortzen zidala. Baina horrela balitz ere ez litzaidake asko inportako. Ohore bat da ezagutu ez nuen osabaren izen bera eramatea».
EAE-ANV-KO LEHEN HILDAKOA
Ilobak etxean entzun izan du nola hil zuten Jose Arana Irastorza: «Zarateko Bentan, gauez, zigarro bat piztu omen zuen eta hari zupada bat emandakoan ateratako argia ikusi zuen etsaiak. Buruan tiro eman omen zioten. Heriotza tristea izan zen». Josetxo Arana ez da sekula egon Zarateko Bentan, baina gustatuko litzaioke tokia ezagutzea, «eta baita auzolandegietan dabiltzan gazteek nire osabaren kontra tiroa bota zuen putasemearen bala-zorroa aurkitzea».
1913an jaioa zen Jose Arana Irastorza eta 23 urte zituela hil zuten. Tabakaleran egiten zuen lan eta Donostiako abuztuaren 31 kalean zegoen Euzko Indarra elkarteko kidea zen. 1936ko uztaila bukaeran, EAE-ANVren deiari erantzunez boluntario talde bat agertu zen elkartean borrokarako prest, eta ia armarik gabe. Irun eta Zubeltzu aldean aritu ziren, Burutzan borrokatu zuten, eta batez ere, Zarateko Benta defendatu zuten. Han hil zuten Jose Arana, 1936ko irailaren 17an.
Argazkia: Aranzadi zientzia elkartea
Handik 40 ordura, Aiztondoko mendietatik erretiratzeko agindua eman zuen Candido Saseta buruzagi militarrak. Hilabete pasatxoz eutsi zioten mendian eraikitako lubakietan Nafarroatik zetozen militar kolpistei. Erabakigarriak izan ziren egun haiek, atzeguardian, Errepublikaren gobernuak euskal autonomia estatutua onartu zezan eta lehen Eusko Jaurlaritza osatu zedin.
Jose Arana Irastorzak bere hondar aletxoa jarri zuen eta garestiegi ordaindu zuen, ondoren eroritako beste ehunka gudarik bezala. Gaurtik aurrera, hil zeneko parajean 80 urte beranduago bizi direnen aitortza badu behintzat.