«Ni izan naiz oposiziotik lanean jardun duen bakarra»

Jon Miranda Labaien 2019ko mai. 8a, 19:57

Lau urteotan alderdien arteko harremanak hobetu direla uste du Josean Sanchez, PSE-EEko Zizurkilgo alkategaiak.

Zergatik erabaki duzu berriz ere alderdi sozialistaren alkategai izatea Zizurkilen?

Oraindik ere, herriaren alde, gauza asko egin daitezkeela pentsatzen dudalako. Proiektuak, ideiak badaude eta ilusio egiten dit Zizurkilgo sozialistak ordezkatzen segitzeak. Borrokan jarraitzeko grina dut.

Zein iritzi duzu EH Bilduren kudeaketaz?

Badaude egiteke geratu diren gauzak. 2011 – 2015 agintaldiarekin alderatuta uste dut zenbait akordiotara iristeko aukera izan dugula. EH Bilduk gauzak erabakitzeko zuen modu autoritario hori ez da hain nabarmena izan azken lau urteetan. Oraindik ere, beste taldeen iritzia kontuan hartu gabe erabakitzen jarraitzen du koalizio abertzaleak, oposizioak egindako zenbait proposamenekin bat datozela esan bai, baina gero ez dituzte proiektu horiek gauzatzen. Gai horiek beti geratzen dira erabakitzeke.

Egin gabe geratu den egitasmoren baten adibidea aipatu nahi duzu?

Adibidez, Ugare auzoan dagoen trafikoarekin kezka azaldu zuten herritarrek. Sacemgo zubitik barrena sartzen da jendea Zizurkilera eta errepide horretan azkar xamar ibiltzen dira. Nik sakangunea jartzeko proposamena egin nuen, baiezkoa esan zidaten eta 2018an jartzekoak ziren, baina oraindik ez dago jarrita.

Beste kontu bat, adibidez, Oriako paper fabrikarena da. Bere lanerako eraikita daukan presa dela eta Asteasuko erreka garbitu beharko luke aldiro-aldiro. Ikusten dugu errekaren hondoan sedimentuak daudela pilatuta. Lan horiek iazko abuztuan egin behar ziren eta ez zituzten egin. Pentsatzen dugu udalaren izan gabe zeregin hori, berari dagokiola paper fabrikari garbiketa hori exijitzea.

Ura agentziaren aspaldiko proiektua da Aurrera inguru horretan erreka bideratzea. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena, berriz, Asteasura bitarteko saihesbidea egitea. Bat zatozte alderdi guztiak eskaera horrekin?

Iaz ordezkaritza genuen hiru alderdiok bilera bat egin genuen aldundian, hemengo trafiko egoerari konponbidea eman nahian eta ezezkoa jaso genuen. Saihesbidearen proiektua asmo hutsean geratu da. Ez dut uste zizurkildarrok hainbeste trafiko merezi dugunik, gure bizi kalitatearen kalterako doa. Saihesbide hori egin beharra dago, bai ala bai. Herritarrek horrela eskatu digute eta guk eskaera hori behar den erakundeetara eramango dugu.

Adostasun batzuk ere erdietsi dituzue EH Bildurekin. Agintaldi hasieran hondakinen bilketa sistema egokitzeko akordioa egin zenuten, plastiko eta paperarentzat edukiontziak jarriz. Zein balorazio egiten duzue?

Gu bosgarren edukiontziaren aldekoak izan gara beti. Ezinegona handia zegoen herrian kontu honekin, eta 2015eko udal hauteskundeetan botoa asko polarizatu zen; askok jo zuten EAJra hura bozka eraginkorra zelakoan. Lau urteotan ikusi da, ordea, alderdi jeltzaleak ez duela ia oposiziorik egin, ni izan naiz oposiziotik lanean jardun duen bakarra. Hondakinen bilketaren gaiari dagokionez, EAJk 'edo dena edo ezer ez' jarrera hartu zuen. Nik beharrezkoa ikusi nuen tentsioa jaistea eta akordioa bat erdiestea EH Bildurekin. Beharrezkoa ikusten dut adostasunaren kultura. Lehenengo pauso bat besterik ez da izan, nik bosgarren edukiontziaren alde borrokatzen segituko dut. Uste dut positiboa dela sistema misto honetara eman dugun saltoa baina herritarrek, hondakin guztiak edukiontzi bidez biltzea eskatzen dute eta eskakizun horrekin segituko dut nik agintaldi berrian ere.

Merkataritza sustatzeko zer egiteko asmoa duzue PSE-EEtik?

Villabonako gertutasuna zailtasun gehigarri bat da bertako merkataritzarentzat. Gure hauteskunde programan aipatzen dugun bezala, merkatariekin beraiekin eta ostalariekin lan egin nahi dugu, zer nolako kanpainak beharrezko ikusten dituzten jakiteko. Udalak dituen baliabideekin lagundu ahal izango du gero herriko merkataritza.

Auzoetan arreta berezia jartzen duzu?

Bulandegi bideari dagokionez, duela bi urte eskatu genuen auzo horren irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartzea osoko bilkuran eta aurten aurrekontuan ere jaso da diru bat lan horiek egiteko. Foru Aldunditik esan digute, bidea hobetzeko lanak egin asmo dituztela abuztuan eta garai hori aprobetxatu dezakegu guk ingurunea txukuntzeko. Akezko auzoa ere baztertuta dagoela iruditzen zait, bizilagunekin egon nintzen eta nabarmena da hutsune asko daudela ingurune horretan, argiztapen, seinaleztapen edo irisgarritasunari dagokionez. Datorren agintaldian heldu egin beharko zaie gai hauei. Berdintsu gertatzen da Iartza auzoan, oraindik badaude gauzak hobetzeko.

Zizurkil Goia eta beheko partearen artean uste dut zerbait badagoela oraindik zintzilik. Bizilagunen arteko komunikazioa areagotu egin beharko litzateke. Proiektu interesgarria izango litzateke bi zonaldeak bidegorri batekin lotzea, segurtasuna bermatuko luke baita ere egitasmoak. Oinezkoak lasai ibili ahal izango lirateke.

Elkarbizitzaren arloan aurrerapausoak eman direla iruditzen zaizu?

Uste dut aurrerapausoak eman direla lau urteotan. Pertsonalki diot. Nik aurrez ezker abertzaleko jendearekin nuen harremana asko hobetu da. Aurriritziak desagertzen joan dira, bai politikaz edo beste gai batzuez hitz egiteko. Oraindik geratzen da bidea egiteko, baina errespetua oinarri hartuta, edozeinek iritzia eman dezakeela iruditzen zait.

Zuen botoa erabakigarria izango balitz alkatea erabakitzeko, bi alderdi nagusietako zeinen alde egingo zenukete?

Ez dugu hitz egin sakontasunez alderdi barruan. EAJ da lehentasunezko sozioa. Baina, nik gaur gaurkoz, ez dut ezer alboratzen. Lortzen ditugun akordioaren araberakoak izango dira gure lehentasunak, akordioak hemen egingo baitira, Zizurkilen.

Zein proiektu bultzatuko dituzue ordezkaritza lortuz gero?

Saihesbideari baiezkoa emango baliote ere, epe luzea pasako da proiektua gauzatu bitartean eta niri gustatuko litzaidake Zizurkilgo gunea autobidearekin lotzeko aukera aztertzea. Saihesbidea egin edo ez. Trenbidearen paretik, paper fabrikatik barrena, errotondara joango den errepidea izango litzateke. Berrehun metro exkax dira eta trafikoa asko arinduko luke. Ubare eta Bulandegi bidetik ibilgailu asko aterako lituzke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!