Elizpe erretiratuen elkarteko lehendakaria izan da orain arte Trini Altimasberez Borja (Tolosa, 1954). 22 urte daramatza Zizurkilen eta orain, EAJren hautagaitzan alkategai da. Ia osorik, emakumez osatutako zerrenda da. Alkategaiaren aurkezpena entzungai hemen.
Ilusioz hartu al duzu EAJren hautagaitzaren buru izatea?
Bai. 22 urte daramatzat Zizurkilen bizitzen. Elizpe erretiratuen elkarteko lehendakaria naiz gaur egun eta oso gustura nago eta pozik erronka berriarekin. Ilusioarekin lanean hasteko.
Zer nola baloratzen duzu azken urteotan EH Bilduk eraman duen udal gobernua?
Diru asko kosta gabeko gauza asko egiteari utzi dio EH Bilduk. Utzikeria egon dela uste dut. Nik esango nuke, agintaldi hasieran zeuden arazo askok hor jarraitzen dutela. Nabarmenetako bat zikintasuna da. Herria zikin dagoela ikusten dut. Pankartak eta pintadak daude lekuz kanpo. Gure lehentasuna txukuntasuna mantentzea da eta elkarteekin lan egingo dugu espazioak aurkitzeko, propaganda eta publizitatea egin ahal izateko, beti ere, hirugarren batzuk kaltetu gabe. Gu ez gaude aldarrikapenak egitearen kontra.
Hondakinen bilketa ere sartzen al duzue egoera horren barruan?
Bai. Bosgarren edukiontziaren aldekoak gara gu. Kanpainak egin behar dira birziklatzea bultzatzeko. Denontzako onura dakar birziklatzeak. Herritarrekin adostu beharko dugu eta gai hau bideratu beharrekoa da.
Jendearen parte hartzea bultzatzeko zein neurri hartuko dituzue?
Herritarren parte hartzea bultzatzeko planak jarriko ditugu martxan, beharrezkoa den momentu guztietan. Plaza Etxeberri eraikinaren erabilera, adibidez, herritarrekin adostu behar dela iruditzen zaigu.
Ekonomia arloan, baduzue egitasmo zehatzik?
Industriaguneak bultzatu behar direla uste dugu, Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean eta Area 15 izeneko gunearentzat soluzio bat bilatzen saiatuko gara. Azterketa egin egingo dugu, baina ez da kontu erraza. Plan Orokorra moldatu egin beharko da horretarako eta lan handi bat dago, jabe asko baitaude eta horrek egoera zaildu egiten du. Aktibitate horiek lekuz aldatu behar badira beste toki bat bilatu behar da eta nondik aterako da dirua horretarako? Dena pentsatu beharra dago, ezin dugu kea saldu, hankak lurrean ditugula egin behar ditugu proposamenak.
Politika sozialei dagokionez, zein neurri hartu behar dela iruditzen zaizue?
Geroz eta jende helduagoa bizi gara herrian eta arlo hori kontuan hartu behar da. Herri lagunkoia bihurtu behar dugu Zizurkil eta plazak eta kaleak irisgarriagoak egiten saiatuko gara. Bulandegi bidean, adibidez, lehentasunezko lanak egin behar dira gune hori egokitzeko. Momentu honetan herrian dagoen zonarik degradatuena da. Bestalde, geroz eta gutxiago hitz egin beharko genuke Zizurkil Goiaz eta Zizurkil Beheaz, dena bat da, eta bi gune ezberdin edukitzea aberastasuna da. Banandu gabe elkartu egin behar genuke, bidegorri bidez, adibidez. Komunikazio hori hobeagoa izan dadin bideak jarri behar ditugu, behean daudenak disfrutatu dezatela herrigunean dauden aberastasunekin.
Gaur egungo gizartean, kirola eta ohitura osasungarriak ardatz bezala hartu dira eta balorea eman die. Horregatik lan egingo dugu, emakumeak, gazteak, mugikortasun mugatua dutenak eta hirugarren adinekoak kontuan hartuta, herri osasuntsuago bat egiten saiatuko gara. Ongizateak eskubide bat izan behar du zizurkildarrentzat. Demografikoki ere eraldaketa ematen ari da eta erantzuna eman behar zaie herritarrok ditugun beharrei. Gizarte politiken, eta horien jasangarritasunaren aldeko apustua egingo dugu, inortxo ere bazterrean utzi gabe, zailtasunak dituzten pertsona eta kolektiboei laguntza eskainita.
Hezkuntzaren arloan baduzue bestelako proposamenik?
Gazteek 16 urtera bitartean Zizurkilen ikasi dezaten, DBH guztia herrian eskaintzea bultzatuko dugu, ikastetxe publikoan, gisa horretara ez dute beste herriren batera joan beharko. Pedro Mari Otañon ari dira guraso batzuk gai hau lantzen eta guk babestuko ditugu. Euskararen erabilera eta hizkuntza berdintasuna ere sustatuko dugu, gizarte kohesiorako elementua baita.
Zuek ere babesten duzue Biala Orain taldeak egiten duen eskakizuna?
Bai, noski. Herritarrek aspalditik egindako eskaera da saihesbidearena eta guk behar den tokira eramango dugu eskakizun hori. 2004an, gu udal gobernuan geundela, saihesbidearen aurreproiektua osatu genuen, saihesbide horrek izan behar zuen trazatua azalduz. Gu udalera iristen bagara, batzorde bat osatuko dugu, Biala Orain taldean antolatuta dauden herritarrekin, udal teknikariekin eta talde politikoetako ordezkariekin. Uste dugu saihesbidea garrantzitsua dela.
Bizikidetzaren inguruan oraindik ere pausoak eman behar direla uste duzu?
Elkartasunean, justizia sozialean eta inklusioan oinarritutako herria defendituko ugu, integrazioan eta elkarbizitzan sakontzeko proiektuen bitartez. Pertsona guztientzat aukera berdintasuna nahi dugu, genero, sexu egoera, erlijioa eta jatorria kontuan izan gabe. Elkarlana gauzatuko dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.
Ingurukoekin ere aritu nahi dugu elkarlanean. Uste dugu Villabona eta Zizurkilek ezin diotela elkarri bizkarra eman eta bere garaian egin zen bezala, elkarrekin proiektuak gauzatu beharko lituzketela. Ibaiaren bi aldeetara egin ziren urbanizazio lanak dira horren adibide. Horrelako lanak ugaritu egin beharko liratekeela uste dut.
Hautagaitza ia guztia emakumez osatuta dago. Zergatik aukera hori?
Bi gizonezko izan ezik, gainerako guztiak emakumezkoak gara. Legeak aukera ematen zigun eta horrelaxe tokatu zitzaigun. Ez ginen bakarrik emakumez osatutakoa sortzeko asmotan hasi, baina horrela suertatu da azkenean. Esperientzia duen jendea badago, baina jende berria ere bai, eta nik uste, kanpotik gatozenak badakargula freskotasun bat.
Eta udal hauteskundeen ondoren lehen indarra izango ez bazinatekete, sozialisten taldearekin negoziatzeko prest egongo zinatekete udal gobernua osatzeko?
Ez dakigu. Emaitzei begira egongo gara. Atea ez dago itxita. Une honetan, ez dut busti nahi. Azken batean, gauza hauek ez dira hemen Zizurkilen erabakitzen eta alderditik zein irizpide datozen ikusi beharko dugu. Alkatetzan edo oposizioan egon, ea gai garen talde guztiekin lan bat egiteko. Gauza asko daude egiteko eta aukera polita da aurrean duguna. Alderdikeriak alde batera utzi eta Zizurkili bidea emateko ordua da.