Laitasuna ematen dio Iker Urruzola Aizpuruari (Zizurkil, 1976), aurretik herrigintzatik ezaguna dituen kideekin EH Bilduren hautagaitza osatzea. Hainbat mugimendutan aritu da orain arte, besteak beste, herriko Erraldoi eta Buruhandien konpartsan. Elkarrizketa osoa entzungai hemen.
EH Bilduk udal gobernura iristea lortzen badu, aurrekoaren jarraipena egingo du?
Lehenik eta behin aurreko bi legealdietan ardurak izan dituztenei eskerrona adierazi nahi diet. Hasitako bide horri jarraipena emango diogu, ikusi dugulako egindako lana benetan aberasgarria izan dela: udalaren zorpetze maila jaistea lortu du EH Bilduren udal gobernuak, eta horrez gain, hainbat proiektu eraman ditu aurrera. Alde batera utzi diren gauza batzuei indarra emango diegu, adibidez, hasieran sortu ziren batzordeei. Herritarren eta udalaren arteko harreman indartsu horri da gure altxorra eta udalak izan behar du horren erakusleihoa.
Nolako hautagaitza osatu duzue?
Ni harro nago zerrendarekin. Ezin duzue sinetsi zenbateko poza ematen didan hautagaitzan ondoan dudan jendea aurrez herrigintzatik ezagutzen dudala ikusteak. Oreka mantentzen saiatu gara. Zoriontzekoa da orain arteko alkatea eta alkateordea gurekin batera zerrendan etortzea, atzetik gatozen berrioi babesa eta laguntza ematen digutelako, horrek erakusten du duela zortzi urte hasitako proiektuak ez duela etenik. Zerrendan goazen gainerakoak ere, ez gara arrotzak, jendeak ezagutzen gaitu mila saltsatatik, boluntario bezala aritu garelako lehenengo ilaran, trukean ezer eskatu gabe eta gustura gainera. Adin ezberdinetakoak gara, herrigunekoak batzuk eta Elbarrenakoak besteak. Parekidetasuna ere mantendu dugu hautagaitzan, baina argazkitik harago doa. Zerrenda feminista da, ardatz nagusi bat da guretzat. Edozein arlo jorratzen dugunean presente izango dugu beti.
Feminismoa, euskara eta parte hartzea. Hiru zehar lerro aipatu dituzue.
Zehar lerro, zutabe eta ardatz, esango nuke. Gure hizkuntza, herriaren altxorra eta bihotza da, hori gabe galduta gaude. Parte hartzeari dagokionez, ondo funtzionatzen duten moduak mantendu nahi ditugu. Batzorde batzuk, kultura, kirol eta euskara batzordeak ederki funtzionatzen dute. Horiek guretzat funtsezkoak dira, herritarrekiko dugun harremana horretan oinarritzen baita. Udala ez da eraikin huts bat, udalak herrira atera behar du, eta batzorde horiek sustatu behar ditugu komunikazio horretan eragiteko.
Herritarrek esan behar dute udalak zertan gastatu behar duen eta zertan ez?
Asmoa bada aurrekontu parte hartzaileak sustatzea. Aurretik ere saiakerak egon dira, eta kontuan hartu behar dugu, guztia ez dela aurreneko aldian lortzen. Elkarteetan antolatuta dauden herritarrek batzordeen bidez proposamenak landu eta udalera bideratzen dituztenean, modu batera erabakitzen dituzte zeintzuk diren lehentasunak. Sakondu behar da bide horretan.
Plazaetxeberri erosi du udalak. Eraikinari zein erabilera eman herritarrekin batera erabakiko duzue?
Udalak estrategikotzat hartu zuen eraikin historikoa erostea. Herrigunean dauden gabeziak ikusi, eta herriarena denez, herritarrek antolatu dezatela nola kudeatu nahi duten eraikin hori. Parte hartze batzorde bat jarriko dugu martxan hori erabakitzeko. Ostalaritza zerbitzua garrantzitsua da eta mantentzearen aldeko apustua egin da, baina proiektua harago doa. Eraikin osoa da herritarrena.
Bi proiektu inportante direnak Zizurkilentzat: Asteasu erreka bideratzea eta saihesbidea.
Gure herri programa, herritarren artean sortutako herri programa da, eta horren baitan, herritarren kezken eta arduren arabera sortzen dira proiektuak. Asteasuko errekaren bideratzea aspaldiko eskakizuna da, uholdeak egoten direnean egoera arriskutsuak sortzen baitira, horregatik garrantzitsua da lan horiei ekitea. Ez da gure eskumena, baina ahal duguna egingo dugu proiektu nagusienetako bat izan dadin eta gure insistentzia eraginkorra izango da, eskumenak dituenak gai honi hel diezaion.
Beste kontu bat da saihesbidearena. Herritarrak antolatu dira eta horrek berebiziko poza ematen digu. Jendeak instituzioei belarritik tira egiteak poza ematen digu. Diputazioan daudenak jakin dezatela Zizurkilen trafikoa arazo bat dela. 6.000 ibilgailutik gora ibiltzen da egunero herrian eta horrek herritarren bizimodua okertu egiten du, estresatu egiten da jendea. Hori konpondu beharra dago, bai ala bai eta azkar. Bat egiten dugu saihesbidea eskatzen duten herritarrekin eta gu udalera iristen bagara konpromisoa hartzen dugu foru aldundira eskakizun hori eramateko. Alderdi bat edo bestea egon hango gobernuan. Ez ditugu onartzen orain jaso diren erantzunak, dauden zuloak estaltzea eta partxeak jartzea ez da soluzioa. Horrek ez du herri erditik trafikoa kentzen. Hainbeste ibilgailu ibiltzea ez da osasungarria zizurkildarrentzat.
Bulandegi bidea irisgarria egiteko proiektua, ez dago derrigor lotuta saihesbidearekin?
Guretzako estrategikoa da Bulandegi bidea txukuntzea. Oraingo udal gobernuaren proiektuari jarraipena emango diogu eta irisgarriago egingo dugu, herritar guztientzat erabilgarria izan dadin. Horretarako ez da ezinbestekoa saihesbidea egitea, baina lagungarri bai. Bulandegi ondo atontzeko ez gara saihesbidearen zain egongo, hori egin daiteke eta guk udal gobernura iritsiz gero, berehala hasiko ditugu lanak. Kale herritarrago bat izan dadila, ez autopista moduko bat, alde banatan espaloiak jarri eta irisgarriago izatea denok eskertuko dugu.
Ilunja edo Area 15 gune horretarako baduzue proiektu bat aurrera begira.
Luzera begirako proiektua da. Kontuan hartu behar dugu industriagune bat dagoela herriaren erdian. Hainbat zerbitzu eskaintzen dira bertan, herritarrentzat eskuragarri direnak, eta mesede egiten diotenak. Guzti horiek kontuan hartuta, industriagune bat herritik atera eta etxebizitza proiektu bat egin nahi genuke, bertan dauden zerbitzuak mantenduz. Bidean gaude. Azterketa teknikoak egiten ari dira orain eta guk hurrengo agintaldian bide horretan jarraituko dugu.
Zenbaterainoko etxebizitza beharra dago Zizurkilen?
Guretzat herritarrak herrian geratzea garrantzitsua da. Etxebizitzaren arloa jorratu behar dugu horretarako. Etxe hutsen errolda bat eginda dago baina berritu egin beharra dago eta horrek erakutsiko digu, zein proiektu eraman behar dugun aurrera. Herrigunean, etxebizitza pribatuak egingo dira laster, baina horrek ez du esan nahi, udalak ere sustatu ezin ditzakeenik. Formulak hamaika daude. Ez dugu itsu itsuan eraiki nahi, zentzurik gabe.
Herriko gazteen beharretara moldatzea ere aurreikusten dugu. Eraiki ere, behar horiek kontutan hartuta eraikiko da etorkizunean, ez eraiki eta gero beharrak sortu. Proiektu garrantzitsu bat badugu, gazteentzako alokairu laguntza bat martxan jartzeko, Azpeitian oso esperientzia interesgarria ari dira jorratzen eta emaitza ematen ari da. Zizurkilera ekarri nahi dugu antzeko egitasmo bat. Alokairuaren kultura sustatu nahi dugu gazteen artean.
Merkataritza nola sustatuko duzue Zizurkilen?
Ez du oso egoera ona bizi herrian eta indarra eman nahi diogu sektore honi, merkatariekin batera. Beraiek zein behar dituzten kontutan hartuko dugu eta zerk asebeteko lituzkeen galdetuko diegu. Merkatariek baino hobeto inork ez daki zer egin daitekeen sektorea sustatzeko, daudenak mantendu eta berriak erakartzeko. Landa eremu eta industriaguneaz gain, merkatariek ere beren balorea dute eta kontuan hartu behar da.
Azoka egiteko asmoarekin aurrera segituko al duzue?
Gure hautagaitzan, herriguneko jendea badago eta landa eremua oso ondo ezagutzen duena. Guretzat Zizurkil bat da, ez dira bi, eta landa eremuak garrantzi berezia du. Baserri mundua eta herria lotzeko, azoka ezinbestekoa da. Aurrera doa, martxan dagoen proiektua da, nahiz eta ez den oraindik gauzatu. Zein postu jarriko den lantzen ari gara eta bertako produktuak garrantzi handia izango dute, baserritik datozenek presentzia izango dute. Estalpea eginda dago Joxe Arregi plazan eta toki hori baliatuko da horretarako.
Herri bizia da Zizurkil. Maiatza Saltsan da horren adibidea. Bide horretatik segitzeko asmoa duzue?
Ni oraindik ere hunkitu egiten naiz duela urte batzuk egindako herri antzerki horrekin gogoratuta. Nola da posible 150 zizurkildar horrela koordinatu eta horrelako ikuskizun zoragarri bat eskaintzea. Horrek ahalbidetu zuen gero Herriola ekimena. Zeinek esango liguke gai izango ginenik Elbarrena 400 urte atzera eramateko? Sortu da herritarren artean horrelako grina bat, bi urtez behin zerbait egiteko asmoa. Su honek ezin du itzali. Aurten ere herriko eragile eta taldeekin batera antolatu da Maiatza Saltsan.
Zer esango zenieke herritarrei?
Ez nuke handikeria keinurik egin nahi. Herritarrek ezagutzen gaituzte. Zerrendan goazen denok erakutsi dugu gure gaitasunak zeintzuk diren. Herrigintzatik, egunerokotasunetik eta lanetik ezagutzen gaituzte, borondateko lanetik. Hori da erakutsi nahi dieguna herritarrei. Bide horretan jarraitzeko asmoa dugula eta xumetik lan egiteko gogoa dugula, herrigintzatik gatoz eta herrigintzan jarraitu nahi dugu, herritarrei zabalik aurrerantzean ere, baina udalean.