Jose Antonio Sanchez izango da alkategai sozialista Zizurkilen

Ataria 2019ko mar. 20a, 09:03

Azken legealdian zinegotzi izan ondoren, PSE-EEko hautagaiak, lanean jarraitzeko gogoa eta ilusioa adierazi ditu, "zizurkildarren bizi kalitatea eta herriko zerbitzuak hobetzeko".

Aiztondoko elkarte sozialistan egin du hautagaitzaren aurkezpena Jose Antonio Sanchez Almarazek. Zizurkilgo Udalean PSE-EEko egungo bozeramalea da eta maiatzeko udal hauteskundeetara sozialistek aurkeztuko duten hautagaitzaren burua izango da. Aurkezpen ekitaldian ondoan izan du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu, Jose Ignacio Asensio.

Zizurkilgo hautagai sozialistaren konpromisoa nabarmendu du Asensiok: "Zinegotzi gisa azken lau urteetan egin duen lanak, indartu egiten du aurretik sindikalgintzaren eremuan zeraman ibilbidea". Horregatik, diputatuak uste du Zizurkil bezalako udalerriek, Sanchez bezalako pertsona gehiago behar dituztela, "konpromisoa dutenak eta herriaren interes orokorraren alde egingo dutenak". Zizurkilek, alderdi sozialistak bere baitan dituen baloreak" ordezkatzen dituen hautagaia duela uste du Asensiok.

Bere aldetik, PSE-EEko alkategaiak, azken lau urteotako zinegotzi bezala egin duen kudeaketari begiratu dio eta "oposizio eraikitzailea" egin duela adierazi du: "Zerbitzu bokazioa izan dugu eta arazoak konpontzen saiatu gara, interes alderdikoietatik aparte". Legealdi honetan talde sozialistak, herriarentzat garrantzitsuak diren gaietan akordioak lortzeko izan duen gaitasunean jarri du arreta. Hondakinen bilketan, plastiko eta paperarentzat edukiontziak jartzeko EH Biduren udal gobernuarekin lortutako akordioarekin "pozik" agertu da Sanchez, baina "ez konforme": "Pauso garrantzitsua izan da, baina ez da aski, Zizurkilen bosgarren edukiontzia ezartzen ez den bitartean". Zehaztu duenez, birziklatze tasak hobetu nahi dituzte, eta aldi berean, "sortzen dituzten hondakin frakzio bakoitzaren kudeaketa erraztu nahi diegu herritarrei".

Hauteskunde programa "errealista" landuko dutela hitz eman du alkategai sozialistak eta horretarako herritarren ekarpenak kontuan hartuko dituztela aipatu du, "beti ere ikuspegi sozial eta ezkerreko batetik". Zizurkilen egiten diren ekintzak "dibertsifikatu eta ugaritzeko", auzoen parte hartzea bultzatu beharra nabarmendu du Sanchezek.

Hautagai sozialistak hurrengo legealdian egingo duen kudeaketaren ardatzak zehaztu ditu ondoren. "Landa ingurunearen defentsa; auzoetako azpiegituren hobekuntza; Asteasuko saihesbidearen eraikitzea; herriko komertzioaren dinamizazioa; eta elkarbizitzarako modu bezala, aniztasun politikoaren defentsa".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!