Eguerdian hasita, bihar, blues doinuak

Jon Miranda Labaien 2019ko ots. 15a, 19:59
A Contra Blues taldeko kideak

Aurten Zizurkilen, emanaldiak ez dira gauera soilik mugatuko, 13:00etan, Piano Blues bermut saioa dago programatuta bihar Izarra tabernan; Gainerako kontzertuak herriko tabernetan izango dira gau partean.

Zizurkilgo Udalak, herriko ostalarien lankidetzarekin antolatzen du urtero blues musikari eskainitako jaialdia. Aurtengoa 17. edizioa izango da, eta aurreko urteetan bezala, arrakastatsua izatea espero dute.

Sona handiko taldeek zapaldu dute Zizurkilgo agertokia eta blues, soul eta rock-and-roll doinuek hartu dute urtero gure eskualdeko herria. Aurten ere, ez dira atzera geratu eta Euskal Herrian bezala, Europa mailan fama lortu duten taldeak gonbidatu dituzte Blues Gau honetan aritzera.

Gainera, aurten ez dira gaueko emanaldietara bakarrik mugatuko. Udalak erabaki du, lehen aldiz, eguerdian hastea musika jaialdiarekin. Horretarako, 13:00etan, Ugare auzoan kokatuta dagoen Izarra tabernan emanaldi bat prestatu dute. «Bermut blues» deitu diotena egingo dute eta gauean, Atxulondo tabernan ariko den The Black Note taldean parte hartzen duten Monica Menendez eta Blanca de la Plazak elkarrekin ariko dira. Blues doinuak emango dituzte, piano eta ahotsa tartekatuz.

Gauean, Pasus tabernan, Atxulondon eta Egarrin izango dira kontzertuak, 22:00etan hasita.

Egitaraua

22:00, JON GURRUTXAGA & TALDEA

Pasus taberna. Jon Gurrutxaga Arima Beltza taldean aritu zen 2005. urtera bitartean. Bluesaren eta 70eko hamarkadako rockaren tradizioari beste katebegi bat gehitu zion talde hark. Geroztik beste musikari batzuen proiektuetan parte hartu du Gurrutxagak, baina ez dio sekula kantuak sortzeari utzi. Jon&Sugramas diskoa kaleratu zuen 2010ean eta lau urte geroago itzuli zen Hitz Lauz diskoarekin. Keu Agirretxe lagunarekin Izanak lana argitaratu zuen 2017an, eta orain, Kateak izeneko diskoarekin dator. «Urteetan pilatutako esperientzia, ezagutza eta trebakuntza agerian uzten ditu bere zuzenekoetan», esan dute antolatzaileek. Zizurkilen, diskoaren grabazioan parte hartu duten beste hiru lagunekin batera ariko da.

23:15, THE BLACK NOTE

Atxulondo taberna. Musika beltz huts hutsa da Madrildik datorren talde honek egiten duena. Soul, rhythm&blues eta gospeletik, funk, reggae eta soul latindarrera igarotzen da euren musika. Pianoak eginkizun garrantzitsua du taldean, bertatik abiatzen baitira konposizioak, egungo soul formazioetan gertatzen ez den bezala. Berezko estiloa du The Black Note taldeak eta eredu guztiak hausten ditu taldeko ahotsak. Kantuen konponketa garaikideak eginez, I´m Here and I´m Ready bigarren diskoa aurkezten ari dira orain. Steve Wonder, Ray Charles, Aretha Franklin edo Nina Simoneren gisako musikari entzutetsuak dituzte erreferentzia nagusi. Revival soiletik harago doan musika egiten duen taldea da.

00:30, A CONTRA BLUES

Egarri taberna. «Bizitasuna, ausardia eta konpromisoa». 2014an European Blues Challenge izeneko saria eskuratu zuen taldeak eta 12 urtetan, zazpiehundik gora emanaldi eta sei lan diskografiko utzi ditu. Azkena aurkezten ari dira une honetan: Heart and Guts. Hamabi pieza jaso dituzte bertan, gauzak egiteko beren moduaren berri emanez: «Bihotzarekin eta adorez, indartsu eta aske». Alberto Noel, Hector Martin, Joan Vigo, Nuria Perich eta Jonathan Herrerok osatzen dute taldea. Europako jaialdi handienetan ibili ondoren iritsiko dira Zizurkilera. Euren eszenaratzea, «ezin errepikatuzko esperientzia, indartsua eta sendoa» dela aipatu dute Zizurkil Blues Gaua jaialdiko antolatzaileek.

13:00, BERMUT BLUES

Izarra taberna. Pianoa eta ahotsa tartekatzen dituen emanaldia eskainiko dute Madrilgo Monica Menendez piano jotzaileak eta Blanca de la Plaza kantariak. Aperitifa hartzeko garaian, kantu ezagunak eta konposaketa propioak entzuteko parada izango da. De la Plaza ahots sendoko kantaria da, «muga guztiak hausten dituena» antolatzaileen hitzetan, eta konposizioan, pianoan eta ahotsean, Menendez du lagun. «Berdingabea den bikotea osatzen dute, egungo musika eszenan antzekorik ez duena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!