«Gure estiloko talde asko ez dabil hemen, are gutxiago euskaraz"

Jon Miranda Labaien 2019ko ots. 15a, 11:15

Urrian kaleratu zuen Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin lau kantuz osatutako 'Kateak' diskoa; bihar, errepertorio zabalagoa eskainiko du Pasus tabernan, 22:00etan hasita.

Azkenaldian, Urbil Artolarekin batera dabil emanaldiak eskaintzen, baina biharko kontzerturako Jon Gurrutxagak (Elgoibar, 1978) alboan izango ditu, Artolarekin batera, Iñigo Gorritxategi baxuan eta Rafa Fournier perkusioan.

Bakarkako ibilbidea abiatu zenuenetik laugarren lana duzu 'Kateak'. Nolakoa da zure sormen prozesua?

Nire azkeneko lanetan 70eko hamarkadako rocka jorratu izan dut, baina egia da aurreko lanean doinu akustiko eta poperoagoak jaso nituela. Abesti bakoitza estilo batekoa da nire azkeneko diskoan: gospela, bluesa eta folk ukituak dituzte. Kantuak eta ideiak etxean sortzen ditut, gitarra eta ahotsaren bitartez. Gero, maketak egiten ditut ordenagailuan eta lagunei bidaltzen dizkiet, eurek kantuak jantzi ditzaten eta euren instrumentuekin kolorea eman diezaieten.

Zein musikari izan dituzu alboan diskoa grabatzerakoan?

Arima Beltzan, Andrakanen, Bikustiken aritu naiz Patxi Zabaletarekin eta oraingo honetan ere ondoan izan dut. Iñigo Gorritxategi lagun izan dut baxuan eta ahosoinurekin, berriz, egun Berlinen bizi den Marcos Coll galiziarra. Urbil Artola, aldiz, bidean topatu dudan azkenetarikoa da, duela urtebete ezagutu genuen elkar. Berak jotzen duen weissenborn instrumentuaren atzetik nenbilen eta horrela egin genuen harremana. Hitzetan, berriz, Xabi Lasa izan dut lagun, lautik bi kantu berak idatzi ditu. Amaitzeko, Pello Gorrotxategik teklatuan jardun du, eta bide batez, grabazioan teknikari gisa aritu da.

Nolakoa izan da grabazio prozesua?

Gorrotxategik Ereñozun duen Aieka estudioan grabatu dugu. Lasai hartu nuen grabaketa. Gauzak lotu ahala joan naiz grabatzen eta denbora dezente behar izan dut. Diskoak formatu bikoitza du, biniloa eta CDa dakartza. Azkenaldian, biniloak loraldia bizi du, batez ere melomanoen artean, eta niri beti gustatu izan zait formatu hori. Baina egia da, bestalde, denek ez dutela disko-jogailu bat etxean. Horregatik CD bat ere erantsi dugu diskoan.

Hogei urte baino gehiagoko musika ibilbidea egin duzu.

Arima Beltzarekin lehen emanaldia 1998an eman genuen. Beraz, 21 urte beteko dira laster. Harrezkero, saltsan ibili naiz gauza batekin ez bada bestearekin. Hori da gustatzen zaiguna eta horretan jarraituko dugu. Etorkizunean ez dakit nola argitaratuko dugun. Zure kantuak besteek entzutea nahi baduzu, nonbait jaso behar duzu, zuzenekoaz gainera. Aurkezpen karta bat izatea eskuartean polita da. Gero nola argitaratuko den? Batek daki. Gauzak azkar aldatzen dira.

Nola definituko zenuke zuk lantzen duzun musika estiloa?

Nik, azkeneko urteetan, ez dut blues musika jorratzen bere horretan. Nire kantuen artean egoten dira blues doinuak, baina nik esango nuke rock klasikoan oinarritzen dela nik egiten dudana. Rock klasikoaren barruan, noski, bluesak badu bere tokia. Pentsatzen dut, horregatik hots egin digutela Blues Gauean parte hartzeko.

Zizurkilgoa bezalako agertokiak eskertzen dituzue artistek?

Bai noski. Duela urte asko Arima Beltzarekin izan ginen Zizurkilen, eta gogoan dut, Los Reyes del K.O. eta Aurora Beltranek ere jo zutela edizio horretan. Toki bat egin du Blues Gauak zirkuituan. Getxo eta Hondarribiko blues jaialdiak daude hor, adibidez. Tabernetan ere programatzen da, beraz, aukera egon badago. Gure estiloko talde asko ez dira ari Euskal Herrian, are gutxiago euskaraz, baina mugimendutxoa badagoela esango nuke.

Zer eskainiko duzue biharko emanaldian?

Kateak disko motza da, lau kantukoa. Asmoa, bertako kantuak jotzea da, baina kontzertu batean pieza gehiago jo behar dira, eta nire bakarkako ibilbideko diskoetako kantuak joko ditugu kontzertuan. Formatu ezberdin batean emango ditugu, hori bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!