Eusko Jaurlaritzarentzat EHUk 2017ko abenduan egindako txostenak esaten du, 1960 eta 2014 urteen artean 4.113 lagun torturatu zituztela Euskal Herrian. Ikerketak torturak izan duen tamainari neurria jartzeaz gain, agerian utzi zuen torturatzaileen inpunitatea. Aztertutako aldi osoan hogei zigor epai baino ez ziren berretsi torturengatik, Espainiako Auzitegi Gorenean.
Epai horietako batek zigortu zituen, 1989an, Antonio Gil Rubiales eta Julian Martin Rios poliziak, zortzi urte lehenago Joxe Arregi zizurkildarra torturatzeagatik. Aurrez, Madrilgo Auzitegi Probintzialak bi aldiz absolbitu zituen; bide batez esateko, auzipetu zituzten bakarrak izan ziren, nahiz eta Madrilgo Giza Eskubideen Batzordearen arabera 73 poliziak hartu zuten parte Arregiren galdeketetan.
Bi torturatzaileei ezarri zieten zigorra hutsaren hurrengo izan zen: Hiru hilabeteko atxiloaldia ezarri zieten biei eta bi eta hiru urtez lanik eta soldatarik gabe utzi zituzten, Gil Rubiales eta Martin Rios, hurrenez hurren.
Epaiketa horretatik 30 urtera, Tolosako epaitegian salaketa jarri dute sei lagunek, 1975 eta 1978 urteetan artean Tolosako Guardia Zibilaren kuartelean egin zizkieten torturengatik. Ez dakite, oraindik, aintzat hartuko ote dieten salaketa. Horregatik guztiagatik, igandean Zizurkilen, beste behin, torturaren egia itzaletik argira ateratzeko ekitaldia egingo dute Joxe Arregi gogoan, 38 urte geroago.
EKITALDIAK
Otsailak 17, igandea
09:00. Zizurkilgo herriguneko Pello Mari Otaño plazatik abiatuta Haizetsura ibilaldia.
13:00. Joxe Arregi plazan ekitaldia.
Ondoren. Bazkaria Urkamendi elkartean.