Bi eskultura, torturaren gordintasuna erakusteko

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 13a, 10:15

Barne kanta kanpoan dago eta Torturaren garrasia, berriz, barruan.

Biak torturari eskainitako eskulturak dira eta lehena Joxe Arregi plazaren ertz batean dago 2014. urteaz geroztik; bigarrena berriz, duela pare bat urte jarri zuten Atxulondo kultur etxearen lehen solairuan.

Barne kanta, Koldobika Jauregi eskultore alkizarrari egindako enkargua da eta harriz egindako artelana da, bi metro pasako altuera duena. Aurretik egina zuen serie bateko hamabi lanetako bat aukeratu zuen Jauregik Joxe Arregi eta gainerako torturatu guztiak gogoan hartzeko. «Bizi garen herrian egoera soziala halakoa zen, eta gai hau lehenagotik landua nuen», esan zuen orduan Alkizako eskultoreak. Lan berri bat egin beharrean, eginda zegoen pieza bat erabiltzea proposatu zien antolatzaileei. Eskulturak goiko aldean leiho bat du eta artistaren esanetan, «preso dagoen pertsona batentzat kanpoarekin duen lotura bakarra da hori. Leihoa da askatasunerako aukera bakarra». Sinbolismoz betetako lana utzi zuen, beraz, Jauregik Zizurkilen, Joxe Arregiren izena daraman plazan.

DOHAINTZAN EMANDAKOA

Berrikiago dohaintzan jaso zuen Zizurkilgo Udalak Torturaren garrasia egurrez egindako eskultura. Egileak, 1981ean Joxe Arregiri egin zizkioten torturek eragin zioten zirrara islatu nahi izan zuen artelanean. Urteetan etxean gorde ondoren, duela bi urte modu anonimoan eman zion udalari, eskultura Joxe Arregiren herrian geratu dadin betirako.

Oihartzun handia izan zuen zizurkildarraren kasuak Euskal Herri osoan, neurri batean, torturatutako gorpuari atera zizkioten argazkiengatik. 2009an jakin zen Berria-k ateratako erreportaje baten bitartez, Juan Kruz Unzurrunzagak eta Bixente Ameztoik atera zituztela argazkiak, Zizurkilgo hilerrian bertan, Arregi hilobiratu zuten egunean.

Torturaren garrasia lanak irudikatzen du Arregik pasa behar izan zuena, torturatu zuten 9 egunetan. Metro pasako pieza honetan, eskuburdinak bizkarrean lotuta ageri da pertsona bat, garrasika. Atxulondo kultur etxeko lehen solairuan daukate jarrita, gertatutakoa ahaztu ez dadin.

Ez dira, ordea, Zizurkilen torturaren gaia aitzakiatzat hartuta egin diren lan bakarrak. 2014an, Torturaren Aurkako Egunaren bueltan, garai horretan preso zuten Mikel Egibar herritarraren margolanak erakutsi zituzten Atxulondo kultur etxean. 1999an atxilotu zutenean torturak egin zizkioten Egibarri eta gerora 18/98 auzian epaitu eta espetxeratu egin zuten 2007an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!