Zizurkilgo lan istripua salatu du Aiztondoko Gazte Asanbladak

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 5a, 13:40

Zizurkilgo Ula enpresan hildako 43 urteko langilearen familia eta lagunei "elkartasunik beroena" helarazi diote AGAtik, "baita azken hilabeteetan erailak izan diren beste langileen gertukoenei ere". Gazte Asanbladaren ustez, "burgesiak beste langile bat hil du, aberastasunaren eta anbizioaren izenean".

Aiztondoko Gazte Asanbladaren ustez, "burgesiak beste langile bat hil du bere aberastasunaren eta anbizioaren izenean".

Hau da kaleratu duten idatzia:

"Gizarte kapitalista honetan bizirauteko dirua behar duzu ezinbestean eta hori lortzeko zure gaitasun, energia, indar eta denbora saltzera kondenatuta zauden langile xume bat zara.

Zure lanaren truke ematen dizuten soldata, ordea, huskeria hutsa da sortzen duzun aberastasun guztiarekin alderatuta. Izan ere, jabe kapitalistak bizirauteko behar duzuna soilik ematen dizu, hilabetean izan ditzakezun gastuak justu-justu kubritu, agian pixka bat aurreztu eta 'ondo' bizitzeko adina, erosotasunean, kexatu ez zaitezen. Gainontzeko aberastasun guztia, zure jabe kapitalistaren poltsikora doa zuzen-zuzenean.

Zure lanak energia eta indarra xurgatzen dizkizu eta lanetik ateratzean ez duzu ezertarako gogorik izaten. Nekatuegi zaude harreman osasuntsuak eraikitzen hasteko eta askotan orduak tabernan edo telebista parean igarotzen dituzu, besterik gabe.

Asteburua iristean, errutina triste horrekin hausteko saiakera egiten duzu, indarberritu, emozionalki orekatu (lan-astean gorde dituzun emozioak droga ezberdinen estimulupean atereaz) eta lan-aste berrirako prestatzeko.

Astelehena iritsi da eta lanera joan behar duzu, ekoizpen harremanak erreproduzitu eta zure biziraupena bermatzeko saiakeran, txanpon batzuk lortzeko asmotan. Beste edozein egun bezalakoa da, beste astelehen bat, beste lanaldi bat.

Baina gaur kapitalismoaren dinamika basatiek zure bizia aurretik eraman dute. Gaur, zure gogo, gorputz, indar, energia eta denbora burges bati saltzen ari zinela bere poltsikoak bete ditzan, explotazioko egunerokotasunak eta diruaren beharrak zure bizia itzali dute.

Beste lan istripu bat gertatu da Zizurkilen. Burgesiak bete langile bat hil du bere aberastasunaren eta anbizioaren izenean. Sarri prekarietatea jartzen dugu jomugan, baina hau azaleko analisi bat da, arazoa sakonagoa baita: burgesek burgesentzat sorturiko sistema.

Kapitalismoan langileak zokoratuta eta itzalean gaude, burgesengatik eta burgesentzat lanean lehertu beharrean aritzera behartzen gaituen sistema da kapitalismoa, jabe kapitalistek kolpe zorririk jotzen ez duten bitartean. Eta gainera, jardun hori gauzatzen ari garela, gure bizia galtzen dugu, gaurko kasuan bezalaxe. Kapitalismoa burgesiaren diktadura da eta langileok beraien aberastasuna ekoizteko tresna besterik ez gara.

Gure elkartasunik beroena adierazten diegu langilearen familia eta lagunei, baita azken hilabeteetan erailak izan diren beste langileen gertukoenei ere.

Klase elkartasuna da bide bakarra!

Jo ta ke kapitalismo eta soldatapeko lana abolitu arte!"

Erlazionatuak

43 urteko langile bat hil da Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2019 ots 04 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!