43 urteko langile bat hil da Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 4a, 15:08
Apattan 2017an egindako elkarretaratzea, bertan izandako lan istripu bat salatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, 43 urteko langile bat hil da Zizurkilen, eraikuntza metalikoak egiten dituen enpresa batean lanean ari zela.

43 urteko langile bat hil da, Zizurkilgo Ula enpresan ezbeharra izanda. Lantoki horretan eraikuntza metalikoak egiten dituzte eta gertutakoa ikertzen ari badira ere, Ertzaintzak jakinarazi du ez dutela baztertzen pieza bat langilearen gainera erori izana. Langilea momentuan bertan hil da. LAB sindikatuak argitu duenez azpikontratatutako langile bat zen. «Botere harreman aldaketa ematen ez den bitartean, horrelako gertaerek jarraituko dute», esan du sindikatuak.

Zizurkilgo Udalak «atsekabea eta kezka» azaldu ditu. Izan ere, gaurkoa ez da herrian izandako lan istripu bakarra. «Azken hilabeteak bereziki gogorrak izaten ari dira Zizurkilen, hiru langile hil baitira tarte txikian herrian gertatu diren lan ezbeharretan», esan du ohar baten bidez. «Datu xume honek argi uzten du asko geratzen dela egiteko prebentzio arloan eta lan istripuak eragozteko neurri zorrotzagoak adostea ezinbestekoa dela, erakunde, enpresari eta langile ordezkarien artean. Guztiok jabetu behar dugu gaiak duen garrantziaz», gaineratu du. Horiek horrela, «dolumin sentikorrenak» helarazi dizkio hildako gizonezkoaren senide eta gertukoei.

LABek eta udalak herritarrei dei egin diete langile ordezkariek dei ditzaketen ekimenetan parte hartzera.
 
Beste bi heriotzak urrian izan ziren; langile bat AHTko lanetan hil zen, eta bestea, uzta makina batek harrapatuta, Zizurkil eta Asteasu artean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!