Aisialdirako gune izan nahi du Aiztondoko liburutegiak

Jon Miranda Labaien 2019ko urt. 31a, 12:59

Jokotarte egitasmoarekin, «irudimena eta pentsamendua» bultzatzen duten jolasetan aritzeko aukera izango dute gaztetxoek

Ikasteko, liburuak kontsultatzeko, irakurtzeko eta materialak mailegatzeko tokia da Aiztondoko Plazida Otaño liburutegia. Arantxa Zabala eta Irene Urruzola liburuzainek, aisialdiarekin ere lotu nahi dute espazioa. Zabalak nabarmendu duenez, aisialdia beti lotzen da kirol edo dantzarekin, eta beste aisialdi eta jolas mota batentzako gune bihurtu nahi dute, aurrerantzean, liburutegia: «Ikusten dugu badagoela beste aisialdi mota bat, eserita, mahai baten inguruan, pentsatzen eta irudimena jorratzen laguntzen duena. Gure lanbidearekin zerikusi zuzena dute balio horiek eta, hortaz, liburutegia espazio egokia iruditzen zaigu horrelako jolasetarako».

Hemendik aurrera, gerturatzen diren herritarrek mahai jolasak izango dituzte, aukeran, Plazida Otaño liburutegian. «Batik bat, hileko azken larunbatetan erabili ahal izango dira» Jokotarte izena jarri diote egitasmoari, eta estreinako saioa urtarrilaren 26an egin zuten, goizez, 11:00etatik 13:00etara.

XAKEA ETA ROL JOKOAK

Pixkana, hainbat mahai joko eskainiko dituzte liburutegian eta, lehen saioan, besteak beste, xakean aritzeko aukera izan zuten gaztetxoek. «Pentsamendua eta kontzentrazioa» landu nahi dituzte, 10 urtetik gorako neska-mutilekin. Zabalak esan duenez, jokoa ezagutzen dute bailarako umeek, «ikastetxeetan bertan ikasi dutelako». Villabonan, gainera, xakearen inguruko elkartea badago, eta gazte asko dira, astero, jolas horretan aritzen direnak: «Guk eskaintza berri honekin erakutsi nahi diegu, xakean aritzen direnei, liburutegia ere badela horretan aritzeko espazio bat. Liburuzainei xakerako taulak eskatzea besterik ez dute».

15 urtetik gorakoentzat, berriz, rol jokoan aritzeko aukera eman nahi dute Plazida Otañon: «Hemen, herrian, badugu jolas horietan aritzen den gazte bat, Beñat Madariaga, eta iruditzen zitzaigun aprobetxatu beharra zegoela hori. Rol jokoak ezagutzera emateko eskatu genion». Oraingoz, lau pertsonak eman dute izena, baina beste birentzako tokia dago. Horretarako liburutegira jo beharko da, izena ematera. Otsailaren 23rako egin dute hurrengo hitzordua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!