«Rol jokoek, batez ere, irudimena lantzen laguntzen dute»

Jon Miranda Labaien 2019ko urt. 31a, 09:51

Robotika eta Automatizazio ikasketak egin zituen Beñat Madariagak (Zizurkil, 1996) eta, duela urte eta erdi inguru, anaiaren eskutik, rol jokoen munduan murgiltzen hasi zen. Orain afizioa zabaltzeko asmotan da, Zizurkilen bertan.

Zer dira rol jokoak?

Rol jokoak mahai jokoak dira, partxisa izan litekeen bezala, baina istorio batekin. Istorioko kide dira jokalariak, eta antzeztearen parekoa da, lagunen edo ezagunen artean. Mundu ezberdinetan jokatu daiteke eta, irudimenarekin, istorio politak osatzeko aukera ematen du.

Zertan oinarritzen zarete Zizurkilgo rol joko horretan?

Middle Earth izeneko jokoan oinarritu gara, J.R.R. Tolkienen mundua islatzen duen jokoan; Eraztunen Jauna, esate baterako, bertan kokatuta dago. Zizurkilgo liburutegian arrakasta handia dute Tolkienen liburuek, eta horregatik aukeratu genuen.

Zein izango da Zizurkilen osatu duzuen taldean zure zeregina?

Nire kasuan, masterra izatea dagokit, munduaren gidaria, nolabait esateko. Zein misio, zein aukera dauden azaltzen dut, baina gero jokalariek egiten dute azken aukera. Nik arau guztiak dauzkat eta, arau berriak nahi baditut, sartu ditzaket; agertokia, pertsonaiak... Horiek denak azaldu behar ditut.

Zertarako dira baliagarriak rol jokoak?

Rol jokoek, batez ere, irudimena lantzen laguntzen dute, beste mundu bat irudikatzen duzulako, eta gauza berriak pentsatu behar izaten dituzulako, etengabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!