Herriko azpiegiturak eta kirol elkarteen lana ezagutarazteko astea

Jon Miranda Labaien 2018ko abe. 11a, 13:53

Zizurkilen kirol astea egingo dute ostegunetik igandera eta larunbat gauean XXII. aldiz burutuko den Gau Krosa izango da ekitaldi nagusia

Aurten herriko txoko gehiagotara zabaldu dute kirol astea eta Intxaur frontoian ezik, Ugare auzoko kantxan, Joxe Arregi plazako estalpe berrian eta Atxulondo kultur etxean egingo dira ekitaldiak. Modu horretara herriko kirol azpiegiturak ezagutarazteko asmoa dute udal arduradunek, Maite Amenabar alkateordeak nabarmendu duenez.

Zizurkildarrak kirola egitera animatu ditu Amenabarrek eta kirolari dagokion garrantzia ematen laguntzeagatik eskerrona adierazi die herriko eragile eta kirol taldeei. Elizpe erretiratu elkarteak ere bere ekarpena egin nahi izan du kirol astean eta ostiralerako, helduei zuzendutako gimnasia tailerra antolatu du Atxulondo kultur etxean. Trini Altismaberez Elizpeko ordezkariak adineko pertsona guztiak animatu ditu saioan parte hartzera, «kirola egiteko inoiz ez dela berandu agerian uzteko eta ariketa fisikoa sasoiari eusteko modu bikaina dela erakusteko». Jokin Elkoro irakaslea izango dute gidari gimnasia saioan.

Herriko kirol elkarteen ordezkari gisa hitz egin du Batis Kortajarena Danok Danena halterofilia taldeko kideak. Gabonetako XXV. Torneoa antolatu dute igande goizerako Intxaur frontoian: «Ez da pultsularien egutegirako datarik onena eta horregatik aurten torneo irekia egitea pentsatu dugu, parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezaten». 12 pultsulariko muga jarri dute eta Kortajarenak konfirmatu duenez, Danok Danena taldeko zazpi kirolarik hartuko dute parte eta gainerakoak Bizkaiatik eta Nafarroatik etorriko dira. «Ikusmira polita jartzea espero dugu», esan du halterofilia taldeko prestatzaileak.

Emakume kirolariak aipagai

Herriko eragileen eta kirol elkarteen lana azpimarratu du, baita ere, Ainhoa Larrea teknikariak eta esker berezia zuzendu dio sortu berria den Ugare auzo elkarteari. Igande arratsalderako 3x3 saskibaloi txapelketa antolatu dute auzoko kantxan. Lau pertsonako taldeak izango dira eta izena eman nahi dutenek aukera izango dute larunbat arte, ugarebizilagunelkartea@gmail.com helbidean. 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute eta lehen hiru sailkatuek eskuratuko dute saria. Talde irabazleak afari bana eskuratuko du Izarra tabernan, bigarrenak landare bana Garazi loradendaren eskutik, eta hirugarren taldeak gosari bana Saski kafetegian. «Horrelako ekitaldi bat antolatzeko auzo oso baten inplikazioa eskertzekoa da», esan du Larreak.

Neska gazteak kirola egitera motibatu nahi dituzte Zizurkilen eta ostiral arratsaldea horretarako baliatuko dute kirol astean. Tolosaldeko Arraun Klubeko ordezkariak izango dira Joxe Arregi plazako estalpe berrian ergometroa hartuta eta nahi duten guztiek proba egiteko aukera izango dute bertan. Gainera, emakume kirolarien solasaldia ere antolatu dute. «Kirola egiteko eskualdean dauden hamaika aukerak eman nahi ditugu ezagutzera», esan du Larreak. Horretarako, TAKeko, Tolobolei Bidebideko eta Tolosako areto futbol taldeko kirolariak, Danok Danenako Goretti Amonarriz, Aitziber Ibarbia mendi lasterkaria eta Maider Mendizabal pilotaria izango dira solasaldia gidatzen. «Diziplina ezberdinetako esperientzien berri emango dute».

Hamabi orduz kirolean

Kirol astearen barruan larunbata izango da egun nagusia. Urtero bezala, 12 ordu kirolean emango dituzte, eta goiz nahiz arratsaldez, umeentzako ekitaldiak izango dira. Goizean Zizurkilgo Eskola Kirola taldeko ordezkariek haurrentzako kirol eta jokoak antolatu dituzte Intxaur frontoian eta ondoren hamaiketako eta opari banaketa izango dira. «Adin guztietako umeak gerturatu daitezke bertara», esan du Larreak.
Arratsaldean berriz, Joxe Arregi plazako estalpe berrian 16:00etatik aurrera rokodromoak jarriko dituzte 18:00ak arte. «Gainera, pedaletan ibiltzeko tresna bat ere jarriko dugu, eguraldiak laguntzen badu. Era horretara umeak kirola praktikatu eta probatzeko aukera izango dute».

Ekitaldi nagusia, ordea, Zizurkilgo XXII. Gau Krosa izango da. Haurren txanda izango da aurrena eta 2006tik aurrera jaiotakoek parte hartuko dute kilometro bateko distantzian. Aurrez eman ahal izango dute izena, ikastetxeetan banatutako esku-orrien bidez, edo larunbatean bertan, 21:00etatik aurrera, Joxe Arregi plazan. Larreak azpimarratu duenez, «75 umetik gora atera ziren iaz eta aurten ere beste hainbeste espero ditugu. Ondo pasatzea da helburua eta amaieran parte hartzen duten haur guztientzako opariak izango dira».
Nagusiagoek, berriz, bi kategoriatan banatuta egingo dute lasterketa 22:30etik aurrera. Alde batetik, 2003 eta 2005 urteen artean jaiotakoek 2,5 kilometroko distantzia korrituko dute, eta 2002an eta aurretik jaiotakoek, 7 kilometrokoa. Gehienez 250 korrikalari onartuko dira eta dagoeneko 70 lagunek baino gehiagok eman dute izena.

Larunbatean bertan, 21:00etatik aurrera Joxe Arregi plazan eman ahalko da izena, bost euro ordainduta. Baina aurrez apuntatu nahi dutenek, www.herrikrosa.eus helbidean egin ahal izango dute, hiru euro ordainduta. Lehenengo hiru postuetan iristen diren heldu eta gazteek sariak eskuratuko dituzte, eta horrez gain, Dinosaurio Saria egongo da korrikalari helduenarentzat. Afarien zozketak ere izango dira herriko taberna eta jatetxeetan, Atxulondo, Egarri, Pasus, Iriarte eta Plaza Etxeberrin, hain zuen. Kirol materiala ere zozkatuko dute Gau Kroseko parte hartzaileen artean, Albizu Kirolak dendaren eskutik.

Abenduak 13, osteguna
19:00. Plazida Otaño liburutegiko gela balianitzean Bizibidaiatzeko irlak ikus-entzunezkoa. Islandia, Singapur, Kuba, Zeelanda Berria, Gore (Senegal), Ko Phi Phi Don (Thailandia), Galapagoak... familian eta bizikletaz.

Abenduak 14, ostirala
11:00. Helduei zuzendutako gimnasia tailerra Atxulondon.
17:30. Ergometorak probatzeko aukera plazako estalpean. Tolosldeko Arraun Klubeko neskekin saio bat egiteko aukera.
19:00. Neska, gaztea eta kirola egiteko grinaz. Zein aukera dauzkat? Arrauna, boleibola, futbitoa, futbola, halterofilia, txirrindularitza, mendi lasterketak, pilota. Aukera guztien berri Atxulondo kultur etxean.

Abenduak 15, larunbata
11:00. Haurrentzako kirol eta jokoak Intxaur frontoian. Ondoren hamaiketakoa eta opari banaketa.
16:00 - 18:00. Plazako estalpean umeentzako rokodromoa.
22:00. Haurren gau krosa, 2006tik aurrera jaiotakoentzat.
22:30. Zizurkilgo XXII. Gau Krosa.

Abenduak 16, igandea
11:00. Halterofiliako XXV. Gabonetako torneoa Intxaur frontoian.
16:00. 3x3 saskibaloi txapelketa Ugare auzoko kantxan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!