Matematikan doktorea, besteak beste, Argetinako Energia Atomikoaren Batzorde Nazionalean eta hainbat unibertsitateetan jardun zuen lanean Magdalena Moujan Otañok (1926-2005) eta bazuen literaturarako afizioa. Gu ta gutarrak ipuinak, esate baterako, 1968ko zientzia fikziozko ipuinen sari nagusia eskuratu zuen Argentinan eta gerora, 1995ean, Jorge Luis Borges eta beste hainbat idazle handiren lanak biltzen zituen antologia batean argitaratu zuten.
Espainiako estatuan ez zuen ibilbide erraza izan, ordea. Orduko Informazio ministro frankistak, Manuel Fraga Iribarnek, bahitu egin zuen ipuina, "Espainiaren batasunaren aurka egiten zuelako zuzenean". Zizurkilgo Hernandorena kultur elkarteak ipuina berreskuratu eta bere osotasunean irakurtzeko moduan jarri nahi izan du; gaztelaniaz, Magdalena Moujan Otañok idatzi zuen bezala alde batetik eta hil berria den Xalbador Garmendiak euskarara ekartzeko egin zuen itzulpen "dotore eta bikainaren" bidez, bestetik. Lana osatzeko, Zizurkilgo Maria Altuna Lizarraga artistak osatu ditu liburuko ilustrazioak eta hil aurretik, 2005ean, Magdalena Moujan Otañok euskarari eskaini zion gutuna ere jasota dago argitalpenaren hasieran.
Irudia: Maria Altuna Lizarragaren ilustrazioa
Euskaraldiaren harira egin du ekarpena Hernandorena kultur elkarteak eta Zizurkilgo Udalarekin lankidetzan aleak banatuko ditu, orain, etxez etxe.
Web gune berria
Hernandorena elkarteak web gunea berritua aurkeztu du Plazida Otaño liburutegiko balio anitzeko gelan eta Joxin Azkue elkarteko kideak aipatu duenez, atari horretan aurkitu ahal izango da, osorik, Gu ta gutarrak ipuina.
Atalka antolatu dute web gunea, eta besteak beste, aurretik Hernandorena elkarteak egin dituen lanak jaso dituzte bertan. Oroimen historikoaz, armarriaz, Teodosioenea etxeaz, toponimiaz edo Irizibarko karobiaz egindako lan guztiak daude bilduta.
Horrekin batera, Zizurkil argazkitan izeneko atalean, 25.000 argazki baino gehiagoko artxiboa kontsultatu daiteke, baita 70 bat ordu irauten duten bideo grabazioak ere.