Zein egoera bizi du euskarak Zizurkilen?
Zizurkilgo herrigunean, umeen eta helduen kasuan euskararen erabilerak behera egin du, beste herri txiki askotan bezala. Gazteek, berriz, eutsi egiten diote. Zizurkilgo beheko partean beheranzko joera sumatu dugu. Puntu gorri batzuk badaude, baina hain txarrak ez diren datuak ere jaso ditugu, Elbarrena inguruan umeen euskararen erabilera nahiko ona baita.
Zein ekimen burutu dituzue Euskaraldiari begira?
Esan bezala, herriko gaztetxoak entzuten genituen erdaraz eta horrek bihotzeko mina sortzen zigun. Ondorioz, hiru ikastetxeekin dinamikak egin genituen eta bideo bat grabatu genuen. Bertan ikasleek gurasoak animatzen zituzten euskaraz aritzera. Herriko parketan lelo batzuk ere jarri genituen euskara sustatzeko.
Entsegu moduko bat ere egin zenuten Pedro Mari Otaño ikastetxean.
Bai. Ikastetxeko euskara batzordearen eta udalaren artean proba txiki bat egin genuen. Iazko abenduan bost egun egin zituzten euskara hutsean. Beharrezkoa ikusi genuen egindako hori herriratzea, eta hortaz, abenduaren 3an, eskolak herriko elkarte eta eragileak gonbidatu zituen haiei lekukoa emateko. Eragileen aldetik konpromiso bat lortu genuen modu horretara.
Konpromiso horren emaitza al da euskara batzordea?
Bai, euskararen eguneko ekitaldian parte hartu zuten eragileek ordezkari bana izendatu eta euskara batzordea sortu zen. Saltoki eta ostalariekin ere aparteko batzordeak osatu genituen eta haiekin ekaina hasieran kanpaina burutu genuen.