Alatzne Etxaburuaren azken txapela

Asier Imaz 2018ko uztailaren 16a

Alatzne Etxaburua, Zizurkilen. IRATI SAIZAR

Euskal Herriko Sega Txapelketaren bigarren eta azken jardunaldia jokatu da; Alaitz Imaz bigarren geratu da.

Alatzne Etxaburuak agur esan die herri kirolei. Euskal Herriko Sega Txapelketa irabazi ondoren iritsi da agurra. Zizurkilgo kirolariaren ibilbide oparoa igandean amaitu zen, Kortazubin. Euskal Herriko Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zen Bizkaian. Lehenengoa Zizurkilen izan zen. Bietan Alatzne Etxaburua nagusitu da. Alaitz Imaz hernialdetarrak, ordea, ez dizkio gauzak erraz jarri.

Ohiko eran jokatutako sega txapelketan Etxaburuak 1.143 kilo belar moztu ditu, bi jardunaldiak kontuan hartuta. Alaitz Imaz izan da bigarrena. Segan oso fin ibiltzen dela erakutsi du beste behin ere hernialdetarrak. 1.073 kilo pilatu ondoren, 70 kiloko aldea bakarrik atera dio Etxaburuak. Bi jardunalditako txapelketa izan dela kontuan hartuta, oso tarte txikia. Hirugarren eta azken sailkatua Eli Txertudi bizkaitarra izan da. 626,5 kilo moztuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!