Sariak banatu dituzte Euskaraldia kanpainaren barruan

Jon Miranda Labaien 2018ko eka. 20a, 17:00

Herriko taberna eta jatetxeetan zortzi pintxo eta edari bana zozkatu dituzte; bi gosari oso herriko bi kafetegietan; eta erosketa txartel bat herriko merkataritza-zentroan. 885 bezerok bete dute txartela, "agerian utziz euskara dela, nagusiki, Zizurkilgo denda eta komertzioetan erabiltzen den hizkuntza".

2018a euskararen urtea izango da Euskal Herri osoan, eta nola ez, baita Zizurkilen ere. Herriko hainbat talde eta eragile bildu dira ekimenera, eta tartean, baita herriko merkatari eta ostalariak ere. Azpimarratzekoa da, gainera, herriko saltoki guztiek hartu dutela parte kanpaina horretan, bai eta ia taberna eta jatetxe guztiek ere. Parte hartu ez duten taberna eta jatetxeek ere aldeko jarrera erakutsi dute.

Merkatariei dagokionez, ekainaren 11tik 15era bitartean, txartelak banatzen ibili dira euskaraz erostera joan diren bezeroei, zozketa batean parte hartzeko aukera izan dezaten. Herriko 13 establezimenduk hartu dute parte ekimenean: Eroski, Ogi Zuri okindegia, Joxean harategia, Itsaso Sanchez fisioterapeuta, Estankoa, Miren Arana farmazia, Islada ile-apaindegia eta estetika, Zizurkil elektrizitatea, Garazi loradenda, Bea janari-denda, Saski kafetegia, Stetik Xpress estetika-zentora eta Zubeldia arrandegia.

Hizkuntza ohituretan eragitea zen kanpainaren asmoa; euskaldunek erosketak egitean ere euskara erabiltzea, eta euskara apur bat dakitenek edo ulertzen dutenek agurra eta dakizkiten hitzak euskaraz egitea.

Jarraipena udazkenean

Euskaraldiko 11 egunak gerturatzen doazen ahala, jarraipena izango du kanpainak. Orduan beste astebetez ipiniko dira kutxak saltokietan, euskaraz erostera doazen bezeroen datuak jasotzeko. Aste horretako saria izango da herriko saltokien eta ostalarien produktuz osatutako saski eder bat.

Herriko merkatari eta ostalariek ekarpen handia egin diote kanpainari, eta euren partaidetzari esker, nabaritu da euskararen aldeko sentsibilizazioa herritarrengan. Asmoa, baina, ez da astebete horretan geratzea, eta hori dela eta, herritarrak animatzen dituzte erosketak egiteko garaian ere euskara erabiltzera, bakoitzak dakien neurrian.

Izan ere, udal ordezkariek aipatu dutenez, "herritarrek euskara erabiltzea da Zizurkilentzat egon daitekeen sari handiena, bertako hizkuntzari dagokion tokia ematea eta leku guztietan entzutea. Erabilerak ematen dio bizia euskarari, eta herritarron esku dago osasuntsu eta indartsu egotea. Merkatari eta ostalariek erakutsi dute beren borondatea, eta eman diezaiegun guk merezi duten erantzuna".

SARIDUNAK

IRIARTE TABERNAN PINTXOA ETA POTEA. Maider Esnaola.

ZENTROAN PINTXOA ETA POTEA. Blanca Pineda.

PLAZA ETXEBERRIN PINTXOA ETA POTEA. Josefina Gabirondo.

BEIBATEGI JATETXEAN PINTXOA ETA POTEA. Antonio Abaigar.

TXINDOKI TABERNAN PINTXOA ETA POTEA. Martxel Pita.

EGARRI TABERNAN PINTXOA ETA POTEA. Jose Arrastoa.

PASUS TABERNAN PINTXOA ETA POTEA. Ander Zapirain.

IZARRA TABERNAN PINTXOA ETA POTEA. Gabi Otegi.

OGI ZURIN GOSARI OSOA. Manuel Lozano.

SASKI KAFETEGIAN GOSARI OSOA. Pili Kortajarena.

EROSKIN 5 euroko EROSKETA-TXARTELA. Angel Aranburu.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!