Irizibar karobian egin diren lanen aurkezpena igandean

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 11a, 13:58

Zizurkilgo Udalak, Hernandorena kultur elkarteak eta Andoaingo Burdina Taldeak jardun dute elkarlanean karobia txukundu eta zaharberritzen. Lanak erakusteko aurkezpena, igande goizean izango da.

Burdina taldeak karobia bera eta ondoko harrobiaren inguruko sasiak garbitu ondoren, labearen ahoa eta paretak txukundu ditu. Erabat hondatuta zegoen labearen sarrerako arkua ere konpondu dute, horretarako Irizibarkoek eskuratu dizkieten harriak erabiliz. Aurreko estalpearen teilatua ere askatu dute, gapirioak eta latak saneatuz edo ordezkatuz. Amaitzeko teilaztatze lanak egin dira.

Bi modu eta karobi‐mota zeuden karea lortzeko: karobi nagusiak edo zaharrak deituak batetik eta karobi frantsesak edo berriak bestetik. Zaharrenak izanda ere, karobi nagusi deitu hauek izan dira Zizurkilen zutik iritsi diren guztiak: Irizibarko hau bera, Lizardikoa, Ipidegikoa, Otazukoa, Andrezketakoa, Zarateko Bentakoa…

Karobi nagusiak hiruzpalau bat metroko altuerako eta beste pare bat metro diametroko zilindroak dira. Gehienek, Irizibarkoak adibidez, aterpea izaten zuten kanpoaldean, teilatu eta guzti.

Lan horietan zaildutako norbaitek harria bueltan‐bueltan jartzen zuen karobi barruan, hala moduzko harrizko ganga edo bobeda bat prestatuz. Ganga horren gainean kareharria pilatzen zuten, goitik botata. Behin labea beteta, su ematen zitzaion karobiari: azpiko aho-zulotik sartuta otea, gaztaina eta pago enbor zatiak erretzen ziren etengabe, sei bat egunez suari gau eta egun eutsiz, harria egosi bitarte. Behin sua itzalita, karobiko labea hozten uzten zuten pare bat egunez. Orduan bai, kare bizia ateratzeko moduan geratzen zen.

Egin diren berritze lanen azalpenak, karobian bertan egingo dituzte igandena, ekainak 17, 11:00etan. Bertara azaltzeko bi hitzordu egin dituzte: 10:00etan Pedro Mari Otaño plazan elkartu eta oinez joatea karobiraino; edo bestela, 10:45ean Zearsorora autoz joatea eta handik oinez abiatzea Irizibarrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!