Ekitaldi ugari antolatu dituzte, Zizurkilen, ekainerako

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 31a, 14:58

Ubareko jaiak, Kuadrillen Eguna, hainbat kirol ekitaldi, San Juan sua, energia aurrezteko tailerrak, nazioarteko hainbat gatazkari buruzko erakusketa eta hitzaldiak…

Ekainak 1-3: Ubare auzoko jaiak

Ostiralean hasiko dituzte jaiak, 18:30ean, txupinazoarekin, eta igande iluntzera arte ekitaldi ugari antolatu dituzte. Egitaraua

Ekainak 5, asteartea: Energia eraginkortasunaren inguruko saioa

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Argitu programaren baitako formakuntza saioa egingo da, 20:15etik aurrera, Plazida Otaño liburutegiko gela balioanitzean. Izen-ematea beharrezkoa izango da, eta horretarako ekainaren 1a baino lehen 943 691012 telefonora deitu edo udala@zizurkil.eus helbidera idatzi beharko da.

Ekainak 6, asteazkena: Euskal Pintxo-Potea eta antzerkia

Zizurkilgo merkatari eta ostalari guztiak Euskaraldia kanpainan murgilduko dira. Ekainaren 6tik aurrera, hileko lehen asteazkenetan euskal pintxo-potea antolatuko dute Elbarrenako tabernetan, eta ekainaren 8tik aurrera, hileko lehen ostiraletan gauza bera egingo dute Zizurkil Goiko hiru tabernetan.

20:00etan, Trapuzaharrak taldeak Etsita! antzezlana eskainiko du, plazan.

Ekainak 8, ostirala: Sarajevo, gerra eta bakea erakusketa

Erakusketa inauguratu dute eta ekainaren 29ra arte egongo da ikusgai.

Ekainak 9, larunbata: Pedro Mª Otaño ikastetxeko kurtso amaierako festa

Ekainak 11-15: Euskaraldia kanpaina herriko dendetan

Zizurkilgo dendetan, berriz, ekainaren 11tik 15era bitartean jarriko da martxan Euskaraldia kanpaina. Saltokietan lehenengo hitza euskaraz egiteak saria izan dezake, euskaraz erostera joaten diren bezeroek txartel bat betetzeko aukera izango baitute, eta astearen amaieran hainbat sariren zozketan parte hartu ahal izango dute.

Ekainak 14, osteguna: Zer ari da gertatzen Sirian? hitzaldia

Aritz Saidiren eskutik, Siriako gaurkotasunaren analisia egiteko aukera izango da Plazida Otaño liburutegiko gela balioanitzean, 19:30etik aurrera.

Ekainak 16, larunbata: Kuadrilla eguna eta omenaldia

Jon Tecedor zenari omenaldia eginez hasiko dute eguna. Tecedor Danena Halterofilia taldeko pultsularia zen. Munduko Txapelketetan 7. izatera edota Sidneyko Joko Olinpikoak jokatzera iritsi zen. Espainiako txapeldun izan zen behin baino gehiagotan. 2008an hil zen, moto istripuz, Euskadiko Halterofilia Txapelketara zihoala. Omenaldia 10:30ean izango da, Intxaur frontoian.

Kuadrilla eguneko ospakizunak, berriz, 11:00etan hasiko dituzte, sagardo dastaketarekin. 14:30ean, bazkaria izango da, eta 18:00etan jolasak egingo dituzte auzoz auzo. Jarraian, erromeria izango da, eta 23:30ean Elektrotxarangaren emanaldia izango da.

Halaber, Danena Kirol Elkarteak, alebinen futbol txapelketa jokatuko da futbol zelaian, hilaren 16an eta 17an.

Ekainak 20, asteazkena: Jubilatuen ibilaldia eta hitzaldia

Elizpe Jubilatu Elkarteak sustatuta, bidegorritik jubilatuen ibilaldia egingo da. 10:30ean irtengo dira, eta 12:00etan hamaiketakoa egingo dute plazan. Elkartean bertan eman beharko da izena.

Iluntzean, berriz, Josu Narbarte arkeologoaren 'Landa-komunitateen historia aztertzeko bide berriak' hitzaldia izango da, Iriarte Kultur Etxean, 20:00etan.

Ekainak 23, larunbata: San Juan bezperako sua

20:00etan herriko plazan bilduko ondoren, Elbarrenako su ezberdinak bisitatuko dituzte, kalejiran. 22:30ak aldera sua piztuko dute San Juan Dantza dantzatzearekin batera. Zizka-mizka ere izango da. 22:00etan, berriz, sua eta txokolatada izango dira San Millan eskolako guraso elkarteak antolatuta.

Ekainak 25 - Uztailak 20: Udalekuak

Oporretan Euskaraz, 2006-2014 urte bitartean jaiotako haurrei zuzendutako udaleku irekiak izango dira, hilaren 25etik uztailaren 20ra bitartean. Hori prestatzeko guraso bilera egingo da ekainaren 15ean, 19:00etan, Atxulondon.

Bestalde, Gaztañaga futbol kanpusaren bigarren edizioa izango da Danena K.E.-k antolatuta, 9 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!