Urtean zehar Zizurkilen antolatu diren ekintza guztietan, euskara jarri dute erdigunean. Euskaraldia kanpainaren harira sortu den batzordean, udalarekin batera, herritarrak eta elkarteak inplikatu dira eta orain, horiei guztiei ikusgarritasuna emateko, merkatari eta ostalariengana jo dute. Maite Amenabar Zizurkilgo alkateordearen esanetan, «eurak dira herriko bizitzaren aurpegi agerikoena».
Denek agertu dute kanpainaren aldeko jarrera eta Amenabarren hitzetan, «gogotsu» azaldu dira parte hartzeko. Batzorde banatan bildu dituzte merkatari eta ostalariak eta ekimenak prestatu dituzte elkarrekin, euskara bultzatzeko. «2018a euskararen urtea izango da Euskal Herri osoan eta Zizurkilen ere halaxe izatea nahi dugu», esan du alkateordeak.
Saltoki eta tabernak
Zizurkilgo merkatarien kasuan, euskaraz erostera joaten diren herritarrei aitortza egiteko kanpaina jarriko dute martxan. Garazi Dorronsoro merkatariaren esanetan, «askotan erraz jotzen dugu gaztelaniara eta herri euskaldun bat nahi badugu, denon artean, euskaraz egiten saiatu behar dugu, behintzat lehen hitza».
Bi astetan, kutxatxoak egongo dira jarrita herriko denda eta saltoki guztietan. Euskaraz erosketak egiten dituztenek, beren datuekin txarteltxoak bete eta bertan sartuko dituzte. Bi alditan egingo dute kanpaina. Lehen astea, ekainaren 11tik 15era izango da eta txarteltxoa betetzen duten bezeroen artean sariak banatuko dituzte. Dorronsorok zerrendatu ditu: «Pintxo bat eta pote bat herriko taberna eta ostatuetan, gosaria herriko bi kafetegietan eta Zizurkilgo Eroskin erosketak egiteko txartela banatuko ditugu. Sari txiki asko jarri nahi izan ditugu, irabazle askoren artean banatu ahal izateko».
Bigarren kanpaina udazken aldera egin asmo dute, Euskaraldiko hamaika egunak gerturatzen diren garaian, eta orduan herriko merkatari eta ostalarien produktuz osatutako otarra zozkatuko dute. Gainera, bi aste horietan, kanpainarekin bat egiten dutela iragartzeko, merkatariek Euskaraldiaren pegatina izango dute begi-bistan saltokiko erakusleihoan eta horrez gain, atarian, Euskaraldiaren alfonbra ipiniko dute. Hauek dira kanpainarekin bat egin duten saltokiak: Eroski, Ogi Zuri okindegia, Joxean harategia, Itsaso Sanchez fisioterapeuta, Estankoa, Miren Arana farmazia, Islada ile-apaindegia eta estetika, Zizurkil elektrizitatea, Garazi loradenda, Bea janari denda, Saski kafetegia, Stetik Xpress estetika-zentroa eta Zubeldia arrandegia.
Ostalariek ere egingo dute bat euskara bultzatzeko kanpainarekin. Euskal pintxo-pote egunak antolatuko dituzte. Irati Irurzunek aipatu duenez, Elbarrenan hileko lehenengo asteazkenean egitea adostu dute, ekainaren 6an hasita eta orain arte egiteko ohitura ez zutenez Zizurkil Goian, ekainaren 8tik aurrera, hileko lehenengo ostiraletan. «Euskal giroa sortzea eta jendea euskaraz egitera animatzea da helburua», esan du Irurzunek. Euskaraldia iragartzeko zintzilikarioa jarriko dute bistan, euskal musika entzungo da tabernetan, «eta animatzen denak, euskal pintxoa ere eskainiko du». Egarri, Pasus, Atxulondo, Txindoki, Izarra, Iriarte, Zentroa, Plaza Etxeberri, Beibategi eta Bordatxo tabernak batu dira ekimenera.
Amenabarrek esan duenez, «ikusita taberna eta merkatariek agertu duten gogoa, udalak ilusioz eutsiko dio erronkari». Apustu sendo horri maila bereko erantzuna ematera gonbidatu ditu herritarrak. «Zizurkildarrak euskaraz entzutea da sari handiena».