Euskaratik eta euskaraz dator maiatza

Jon Miranda Labaien 2018ko mai. 11a, 07:54

Euskararen urtea izango da aurtengoa Euskal Herri osoan eta lekuko horri eutsiz Zizurkilen ere horrela izatea nahi dugu». Hitz horiekin aurkeztu du Maite Amenabar Zizurkilgo alkateordeak euskara ardatz izango duen Maiatza Saltsan egitaraua.

Bihar, 11:00etatik aurrera ospatuko den Euskalkien Eguna izango da ekitaldi nagusia: Euskal Herriko herrialde bakoitzeko postu bana jarriko dute Joxe Arregi plazaren bueltan herrialde bakoitzeko bereizgarriak erakusteko (turismo informazioa, berezitasunak, jan-edanak...) eta Zizurkilgo elkarte bana arduratuko da postu hori atondu eta prestatzeaz. Eguna osatzeko, Zizurkilera gonbidatu dituzten pertsonaia ezagunek irakurketa jarraitua egingo dute euskalki ezberdinetan.

Atzo Atxulondo kultur etxean Andoni Egañak eskainitako hitzaldiarekin eta bihar egingo duten goiz parteko festarekin osatuko dituzte euskararekikoak Maiatza Saltsan egitarauaren barruan. Baina lanak ez dira hor amaituko. Ainhoa Larrea kultura eta euskara teknikariak aipatutakoaren arabera, otsailean sortu zen euskara batzordea lanean ari da Euskaraldiari begira: «Maiatzean egingo ditugunak abiapuntu izan nahi dute, gerora irailetik aurrera bihotzberoak, belarriprestak eta ahobiziak lortzeko lan egin beharko baitugu. Taldea, hala ere, gogotsu dago». Larreak aurreratu duenez, hasia dute merkatari eta ostalariekin elkarlana eta bi kanpaina burutuko dituzte haiekin ekainean eta abenduan. «Urte bukaeran ea gai garen erakusteko, 11 egunetan Zizurkilen, euskaraz bizi daitekeela».

Loturak sendotzen

Maiatza Saltsan egitarauak osagai asko izango ditu, aipatzen hasita, kirolarekin zerikusia dutenak aipatu ditu Larreak: «Maiatzaren 20an XIX. Biatloia egingo da eta maiatzaren 27an, berriz, XIV. Emakumeen Aiztondo Sari Nagusia».

Urteurren berezia ekarriko du aurtengo Maiatza Saltsanek. 25 urte dira Aiztondo bailara eta El Salvadorreko Meanguera eskualdeko Segundo Montes komunitatea senidetu zirela. Maiatzaren 26an egingo dute urteroko eguna, eta aurtengoan ere, El Salvadorretik hainbat ordezkari etorriko dira bisitan. Harrera instituzionala eta ongietorri herrikoia egin ondoren, kantariak izango dira oholtza gainean eta bazkari herrikoiarekin borobilduko dute eguna.

«Gure arteko loturak sendotzen eta senidetzeari balioa eta esanahia ematen saiatuko gara», adierazi du Amenabarrek. Gogoan hartu du gainera, Zizurkildarren «senide bakarrak» ez direla Segundo Montes komunitatekoak, Herrialde Katalanetako Lladó herria ere senidetuta dago Zizurkilekin eta hango herritarrak, maiatzaren 25ean etorriko dira Senidetze Egunean parte hartzera. Euskal Herriak, El Salvadorrek eta Herrialde Katalanek bat egingo dute, beraz.

Hain zuzen, El Salvadorreko borrokan parte hartu zuen Miren Odriozola azpeitiarraren bizitza jasotzen duen Laura esaten zioten liburuaren inguruko tertulia antolatu dute, maiatzaren 29an Plazida Otaño liburutegian. Liburuaren egilea eta protagonista bertan izango dira eta era honetara euskaraz irakurtzeko ohiturari bultzada bat eman nahi diote liburutegian, Arantxa Zabala liburuzainak aipatu duenez: «Tarteka antolatuko ditugu tertuliak, eta kanpaina bat ere jarriko dugu martxan irakurzaletasuna bultzatzeko. Liburutegiko sare sozialetan bideo laburrak zintzilikatuko ditugu, euskaraz irakurtzera animatuz».

 

EUSKALKIEN EGUNA

IRAKURKETA JARRAITUA

Gipuzkoa. Juan Kruz Igerabide.

Araba. Txema Abarrategi.

Bizkaia. Onintza Enbeita eta Ana Urkiza

Nafarroa. Julio Soto.

Lapurdi. Daniel Landart.

Zuberoa. Ttittika Rekalt.

POSTUAK

Gipuzkoa. Zubimusu ikastola.

Bizkaia. Pedro Mari Otaño eta Kuttuna.

Araba. Gaztezulo.

Nafarroa. San Millan eskola txikia.

Nafarroa Beherea. Hernandorena.

Zuberoa. Elizpe erretiratu elkartea.

Lapurdi. Uliazpi fundazioa.

*3 euroren truke, edalontzia eta bi pintxo probatzeko txartelak salgai.

 

MAIATZA SALTSAN

MAIATZAK 12, LARUNBATA

11:00. Zazpi euskalkietan irakurketa jarraitua eta ondoren, herrialde bakoitzeko postu bana plazan, bertako produktu eta jakiekin.

MAIATZAK 15, ASTEARTEA

San Isidro eguna

12:00. Pilota partidak.

13:15. Aizkolariak.

14:00. San Isidro eguneko bazkaria Plaza Etxeberrin, bertsolari eta trikitilariak bertan direla.

MAIATZAK 19, LARUNBATA

11:30. Ipuinen unibertsoa familian ekimenaren barruan, Adunako eskolak, Adunako guraso elkarteak eta Loatzo musika eskolak Ur: erori nahi ez zuen euri-tanta ipuina eskainiko dute.

MAIATZAK 20, IGANDEA

11:00. XIX. Biatloia Zizurkil Goian. Adin guztietako umeek parte hartu ahal izango dute.

MAIATZAK 25, OSTIRALA

10:00. HHko ikasleentzat Koko 2 filma eskainiko dute Villabonako Gurea zineman.

11:00. LHko ikasleentzat Ballerina filma botako dute Villabonako aretoan.

17:30. Ikastetxeetako bertsolaritza ikasle eta Loatzo musika eskolako ikasleen emanaldia Atxulondo kultur etxean.

Iluntzean. Zizurkil-LLadó senidetzearen urteurrena dela eta, lladotarrei ongietorria egingo zaie plazan.

MAIATZAK 26, LARUNBATA

Segundo Montes/Meanguerarekin senidetzearen XXV. urteurrena

12:00. Ongietorri instituzionala eta ondoren, harrera herrikoia.

14:00. Bazkari herrikoia. Ondoren hainbat musikariren emanaldia: Fermin Valencia eta Falceseko Enrique kantaria, besteak beste.

MAIATZAK 27, IGANDEA

Goizean. XIV. Emakumeen Aiztondo Sari Nagusia.

MAIATZAK 29, ASTEARTEA

18:30. Laura esaten zioten liburuaren inguruko tertulia euskaraz, Leire Ibarguren idazlearekin eta liburuaren protagonista Miren Odriozolarekin.

MAIATZAK 31, OSTEGUNA

15:15. Ipuin solidarioak kontatuko dira Plazida Otaño Aiztondoko liburutegian eta Atxulondo kultur etxean, Segundo Montes komunitatearen urteurrenaren harira.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!