Zizurkilgo Udalak zero zabor norabidean, hondakinen prebentzioa, murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena (hurrenkera horretan) sustatu izan du.
Hala ere, eta udala printzipio horiek lortzeko lanean ari bada ere, hondakinen gaiak arazo ezberdinak sortzen ditu herrian. "Alde batetik, herritar batzuek hondakinak behar ez den tokian uzten dituzte, kalean botata, eta herria zikin-zikina uzten dute. Gainontzeko zizurkildarrentzat errespetu falta izugarria da. Benetan hori da nahi dugun herria?"
Bestetik, Zizurkilgo Udalak sentsazioa du azken hilabeteetan birziklapen tasa jaisten ari dela. Gaur gaurkoz, Tolosaldeko Mankomunitateak birziklatze indize adierazgarria du: 2017an etxeetako hondakinen gaikako bilketaren bataz bestekoa %62,14ra iritsi da eskualdean. Udalaren ustetan, hala eta guztiz ere, "badago zer hobetua". Eta horixe da Tolosaldeko Mankomunitateak Ecovidrio eta Ecoembes erakundeen laguntzarekin antolatu duen sentsibilizazio kanpaina berriaren xedea, "gehiago eta hobeto birziklatzea". Udalaren esanetan, "herritarrek ondo birziklatzeko zalantzak dituzte, batez ere edukiontzi horian jasotzen diren hondakin batzuekin: plastikozko ontzi arinak, metalezko ontziak eta brik motakoak.
Hala ere, zalantza horiek beste frakzioetara ere zabaltzen dira: "Sentsibilizazio kanpaina honen bitartez, Zizurkilgo herritarrei laguntza eskaini nahi zaie informazio zehatza eta deigarria esku-eskura jarriz". Horretarako, nola birziklatu argi azalduko duten informazio egitura berezi batzuk jarri dira Zizurkilen , eskualdeko 20 herritan bezalaxe. Zurezko paletak berrerabiliz eginiko egitura berezi horietan birziklapen lerro ezberdinetan bereizita jaso behar diren benetako hondakinak jarri dira erakusgai eta baita informazio panelak ere.