Euskaraldia ardatz aurtengo Maiatza Saltsanen

Ataria 2018ko apirilaren 30a

Maiatzaren 12an, Joxe Aregi plazan egingo duten Euskalkien Eguna izango da ekitaldi nagusia eta herriko talde ezberdinen eskutik Euskal Herriko zazpi herrialdeak "ezagutzeko eta dastatzeko" aukera izango da.

Euskalkien eguna deitu diotena, maiatzaren 12an, 11:00etan hasiko da eta zazpi euskalkietan irakurketa jarraitua egingo dute. Besteak beste, bertan izango dira Juan Kruz Igerabide eta Onintza Enbeita. Gainera, plazan herrialde ezberdinetako postuak jarriko dituzte. Herriko talde bana arduratuko da postu horietako bakoitzaz. Gipuzkoaz, Zubimusu ikastola; Bizkaiaz, Otaño herri eskola eta Kuttuna haurreskola; Arabaz, Gaztezulo; Nafarroaz, San Millan eskola; Behe Nafarroaz, Teodoro Hernandorena elkartea; Zuberoaz, Elizpe erretiratuen elkartea; eta Lapurdiz, Danena kirol elkartea. Lurralde bakoitzeko pintxo eta edariak egongo dira.

Bestalde, Andoni Egañak, maiatzaren 10ean Atxulondo kultur etxean hitzaldia eskainiko du, Euskara: ondo al goaz? izenburuarekin. Gainera, hilaren 25ean, Haur Hezkuntzako ikasleek Koko filma ikusi ahal izango dute, euskaraz, Villabonako Gurean eta Lehen Hezkuntzakoentzat, berriz, Ballerina pelikula botako dute.

Izango dira bestelakoak Maiatza Saltsan egitarauaren barruan. Ostiral honetan bertan, Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan Alonso Murillo billabonatarrak bere akuarelak jarriko ditu ikusgai eta erakusketa hilabete osoan izango da ikusgai. Larunbatean, bestalde, Dantzari Txiki eguna izango da Bukalai dantza taldearen eskutik eta Oñargi, Alurr, Artea eta Bukalai taldeek hartuko dute parte. Gainera, 22:00etan Alurr taldeak Maruxak lana eskainiko du Intxaur frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!