Gazte eguna ari dira ospatzen Zizurkilen

Ataria 2018ko mar. 24a, 14:11

Herrigunean bildu dira gazteak 11:00etan Txepetxaren jaitsiera ospatzeko eta goizean zehar patata tortilla lehiaketa, toka eta pala txapelketak egin dituzte. 

Gorria da aurten aukeratu duten kolorea Txepetxa gazte asanbladakoek. Bi urtez behin aldatzen dute Gazte Eguneko kamiseta eta aurten egokitu zaie, dagoeneko zazpigarren aldia baitute antolatzen dutena. 

Zizurkil Goiko gazteak eta inguruko herrietakoek osatzen dituzte Zizurkilgo kuadrillak eta beraz batekoak eta bestekoak bildu dira gaurko festara. Sei bat kuadrillek parte hartuko dute gaurko ekimenean eta goizeko patata tortilla, toka eta pala txapelketaz gain, arratsaldean 17:30etik aurrera aulki jokoa, mimika eta kaxen probak egingo dituzte. Puntu gehien biltzen dituen kuadrillarentzat sari berezia izango da iluntzean. 

Zimiterioan egingo duten bazkariaren ostean, aurreko urtean bezala bingoa egingo dute eta soka apustua ere izango da. Sokaren luzera asmatzen duenak saria eramango duela jakinarazi dute antolatzaileek. 

Iluntzean solomo afaria egin ondoren, Fan&Go taldearen erromeria izango da eta goizaldera arte jarraituko du festak Zentroan, DJ sorpresa baten eskutik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!