Lau lagun erietxera, etxebizitza bateko sua medio

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 22a, 09:39

Goizaldeko 04:45ean Zizurkilgo Ubare auzoko, 17. zenbakiko lehen pisuan piztu da sua. Suhiltzaileak bertaratu eta ordu erdi behar izan dute sua itzaltzeko. Lau lagun ospitalera eraman dituzte arnastutako kearen ondorioz.

Erabat kiskalita geratu da lehen solairuko etxebizitza bat eta bigarren solairukoak ere kalte handiak ditu. Bertako bizilagunek ezingo dute denbora luzean etxera itzuli. Goizaldean, 04:45ean piztu da sua, itxura denez, lehen solairuko etxebizitzako kandela batek eraginda. Ertzainak eta anbulantziak gerturatu dira berehala eta lehen bi solairuetako bizilagunak jaitsarazi dituzte. Gainerako solairuetakoak zain geratu behar izan dute etxebizitza barruan, suhiltzaileek sua noiz itzaliko. Tentsio une horietan, luzetsita egon dira auzokoak suhiltzaileen zain, 11 minututan iritsi dira Tolosako suhiltzaileak eta Goierrikoak ere gerturatu dira beranduago. Iritsi eta ordu erdian amatatu dute sua, nahiz eta bi orduz aritu diren lanean sugar guztiak itzaltzen.

Sua piztu zen etxebizitzan bizi diren hiru lagunak (amona, ama eta 7 urteko biloba) erietxeetara eraman behar izan dituzte kea arnastu eta gero ondoezik zeudelako, eta gutxienez beste bizilagun bat ere eraman dute anbulantzian antsietateagatik. Azken honek senda agiria jaso du goizeko lehen orduan. Lehen solairuko etxebizitzan zeuden bi zakur ere hil dira gaurko ezbeharrean.

Kalte handiak

Zizurkilgo Ubare auzoko 17. zenbakiko eskuinaldeko lehen eta bigarren solairuko etxebizitzek dituzte kalterik handienak, eta ondorioz, ezingo dute denbora luzean euren etxeetara itzuli. Bigarren solairu horretan bizi dira Isaac Olarra eta Sheila Barcina eta lur jota hitz egin dute biek goizean Tolosaldeko Atariarekin: «Urrian guztiz berritu genuen etxea eta erreforma ordaindu gabe daukagu oraindik. Gainera, gaur oporretara gindoazen; desastre handia izan da guretzako». Auzokoen elkartasuna ere nabarmendu nahi izan du bikoteak, «berehala bizilagunek laguntza eskaini digute, arropa utzi eta lotarako lekua ere eskaini digute».

Zizurkilgo Udalak bere bitarteko guztiak jarri ditu kaltetutako bizilagunen eskura. Joxe Mari Luengo alkatea sutearen berri jakin eta berehala gerturatu da Ubare auzora: «Udalak ez ditu ahaleginak zuhurtu behar horrelako kasu baten aurrean eta auzokoek badakite gure laguntza osoa izango dutela». Behar izanez gero, etxebizitza bat ere eskaini die udalak kaltetuei. Aseguruetako perituak gaur goizean hasi dira, dagoeneko, kalteak neurtzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!