Dena prest Zizurkilen Txapel eguna ospatzeko

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 8a, 10:06

Datorren larunbata ekitaldiz betetako eguna izango da Zizurkilen, 25garren urtez Txapel Eguna ospatuko dute.

Aurtengoa, jakina denez, berezia da gainera, urteurren borobilarekin bat Xabier Pellejero herritar nekaezinari herri omenaldia egingo zaio. Festa batzordetik "poza" adierazi dute jendearen erantzuna bikaina izan delako. Ia agortzear daude afarirako txartelak eta azkenak lortzeko aukera izango da datozen orduetan.

Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako:

12:00. Bukalai dantza taldeak emanaldia eskainiko du Intxaur frontoian. Zizurkilgo 100 umetik gora izango dira dantzak eskaintzen eta gero guztiei hamaiketakoa eskainiko zaie.

16:00. Egun honetan tradizioa den txapeldunen musa izango da zentroan. Izen ematea 15 eurokoa izango da eta lehen lau postuek sariak izango dituzte.

17:30. Plazaberri dema plazan orain artean plazaratu gabeko idiekin nor baino nor ariko dira Larraulgo Pedro Joxe eta Orioko Oliden, 20 minutuko txandan. Horren ondoren iluntzea jan edanez eta trikitixaz ondo osatuko da, Euskal Herriko gazta ezberdinen dastaketa izango da Zimiterioan, Euskal Herri osoko 9 gazta ezberdin izango dira dastagai ardoaz eta sagardoaz lagunduta. Giroa jartzen berriz, Irati Irurtzun eta Leire Lasa herriko trikitilariak ariko dira.

21:00. Txapeldunen afariak eta omenaldiak emango dio amaiera egunari Plaza Etxeberri jatetxean. Bertan jasoko du aurtengo txapela Xabier Pellejerok iaz txapela eskuratu zuten Teodoro Hernandorena elkarteko kideen eskutik. Amaia Agirre eta Iker Zubeldia bertsolariak ere izango dira eta baita beste ezusteko ugari ere.

Larunbatean Zizurkilgo herrigunera hurbiltzeko deia egin du Zizurkilgo festa batzordeak. Ahal bada egunarekin bat, txapela jantzita joateko ere eskatu diete herritar eta kanpokoei, jai honen ikurra izan delako hasieratik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!