Otaegi eta Mugertza, hirugarren

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 5a, 11:20
Argazkiak: Ibon Errazu

Iker Vicentek eta Ruben Saralegik irabazi dute Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketa. Emakumeen Banakakoan Maika Ariztegi gailendu da, eta harri-jasotze txapelketako finalean, berriz, Xabier Aranburu 'Guzta'.

Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketako finala jokatu zuten lehenengo. Hiru bikote izan ziren aurrez aurre: Joseba Otaegi zizurkildarra eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.a, Aitzol Atutxa eta Julen Alberdi Txikia IV.a, eta Iker Vicente eta Ruben Saralegi.

Hain zuzen, azken hauek jantzi zuten txapela. Lehia erdi aldera arte berdinduta joan zen, eta uneren batean Atutxa II.a eta Txikia IV.a aurrea hartzeko zorian izan ziren. Azken txanpan, ordea, erraz gailendu ziren Vicente eta Saralegi.

Emakumeen banakako lehian Irune Izkue, Maika Ariztegi, Nerea Sorondo eta Irati Astondoa aritu ziren nor baino nor gehiago. Lehia estua izan zuten Ariztegik eta Sorondok: bateratsu bukatu zituzten lanak eta epaileek foto-finisha behar izan zute txapela erabakitzeko. Azkenean, garaipena Ariztegirentzat izan zen. Astondoa hirugarren izan zen, eta Izkue, laugarren.

Harri-jasotze txapelketaren finala ere jokatu zen, hiru harri-jasotzaileren parte hartzearekin: Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Xabier Aranburu Guzta. 175 kiloko errektangularrarekin eta 150eko kubikoarekin egin zituzten finaleko lanak, eta Guzta izan zen onena. Kortaberri bigarren izan zen, eta Galarraga hirugarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!