Memoria, Zizurkilen etorkizunerako ongarri

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 3a, 14:39

Indarkeriak eraildako herritarrak omendu dituzte Zizurkilen, Pedro Mari Otaño plazako zuhaitz landatu berriaren inguruan; udalak "aitortza eta barkamena" azaldu dizkie eraildako herritarren senideei, ekitaldi hunkigarrian.

Joan den ostegunean ekitaldi instituzionala izan bazen ere, gaur herritarrei begirako hitzordua zuten, Zizurkilen, Pedro Mari Otaño plazan. Gernikako Arbolaren oinordekoetako bat landatu berri dute, plazan 100 urtetik gora pasatu zituen zuhaitzaren tokian, eta sinbologiaren magiak bat egin du, eguerdian, indarkeriak eraildako herritarrei egindako omenaldiarekin.

Hernandoren kultur elkarteko kideek Gernikako Arbolaren garrantzi historikoa azpimarratu nahi izan dute, Euskal Herriko gertakari nagusiei itzal eman dien zuhaitza izan dela nabarmenduz. Horrela, Zizurkilgo haritzari ere sinbolo horren bidetik utzi nahi diote hazten, etorkizunera begira.

Bide horretan, Zizurkilgo Udalaren izenean, Eva Usandizagak irakurri du adierazpen instituzionala, eta gogoan izan du indarkeriaren arrastoa: "Bizi izan ez dugunok ezin dugu irudikatu, indarkeriaz gertuko bat galtzeak zer esan nahi duen (...) hamarkada ugaritan biolentziak eragindako sufrimenduak, gure herrian ere, Zizurkilen, utzi du lorratza".

1936ko estatu kolpe faxistak eraildakoekin, trantsizio garaian ETAk eraildakoekin eta ondorengo hamarkadetan polizia indarkeriak eraildako aitortzarik gabeko bi herritarrekin gogoratu da Zizurkilgo Udala, senideen ondoan daudela esateko, eta "autokritika" egiteko: "Ohartzen baikara, sufrimenduaren tamainako erantzunik ez dugula eman sarritan. Guztiok errazago begiratu diogu gertuko sufrimenduari, urruneko jotzen genuenari baino. Horregatik, barkamena eskatu nahi dizuegu guztioi, inoiz ahaztuak edo baztertuak sentitu izan bazarete".

Keinu horrekin, Zizurkilgo Udalak "egia osoa ezagutzeko beharraz" ohartarazi du, egia horretan oinarrituta baino ezin baita aurrera egin, azaldu dutenez: "Memoriadun herria irudikatu nahi dugu, eta belaunaldi berriek eraikitako herri hobe bat ikustea opa diogu haritz honi, memorian ongarrituta haziko den herri bai. Hala izan dadila".

Asmo eta hitzak irudikatuz, hala, senideek lurra bota diote landatu berri duten haritzari eta, ohorezko agurra eta oroigarri bana eskaini dizkie udalak. Ekitaldia amaitutakoan, hala nahi izan duten herritarrek ere utzi ahal izan dute beren alea, gogo sinboliko hori elikatuz.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!