Gernikako arbolaren kimua landatu dute Pedro Mari Otaño plazan

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 1a, 13:23

Ekitaldi instituzionala egin dute eguerdian eta 18 urteko haritza aldatu dute Zizurkilgo herrigunean dagoen plazan

Joan den udan amaitu ziren Pedro Mari Otaño plaza berritzeko lanak, baina haitza aldatzeko garai egokienera itxaron dute landaketa egiteko. 2016ko abuztuan erabaki zuten herritarrek plazaren erdian zuhaitza jartzea eta hura haritza izatea. «Haritza aukeratuta, Gernikako haritzaren kimu bat izatea egokia iruditu zitzaigun, euskaldunontzat duen esanahiagatik», azaldu du Aitor Sarasua ingurumen zinegotziak.

Udal ordezkariekin batera, gaur Zizurkilen izan dira Iñaki Labaka Gipuzkoako Lurralde Orekako zuzendari nagusia eta Eider Mendoza eta Ana Otadui, hurrenez hurren, Gipuzkoako eta Bizkaiko batzar nagusietako presidenteak. Joxe Mari Luengo alkateak egin die harrera. «Milaka urtekoak dira herri honen sustraiak eta oraindik hemen jarraitzen dugu euskaldunok. Gaur landatuko dugun zuhaitz honek hemendik urte askotara Euskal Herria bizi bizirik ikustea nahi genuke, bere hizkuntza eta ohiturak maitatu eta zabalduko dituen herri bat ikustea nahi genuke».

Alkateak esandako hitzak aintzakotzat hartu dituzte San Millan eskolako haurrek. Propio ekitaldirako prestatutako bertso batekin parte hartu dute ekitaldian: «2018, martxoak batean / Zizurkilgo plazako eliz atarian / arbola landatu zen modu egokian / zutik egongo da gu gauden bitartean».

«Poza» adierazi zuen Otaduik ekitaldian. «Duela 200 urte Joxe Mari Iparragirrek esan zuen bezala ‘eman ta zabal zazu’ hori egiteko aukera dugu eta euskaldunon ikurrik unibertsalena eta maiteena Euskal Herriko herri guztietan egotea beti da pozgarria». Zizurkilgo eskaeraren izaera berezia dela uste du Bizkaiko batzar nagusietako presidenteak, «parte hartze prozesu baten bitartez sortu delako».

Pedro Mari Otaño plazan landatutakoa Gernikako arbolaren kimua dela ziurtatzen duen agiria alkatearen eskuetan utzi ondoren, azken palakadak eman eta 18 urteko haritzari agurra egin diote dantzariek, Alaitz Ormazabalek kantatutako doinuek lagunduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!