Zunbatoia, kirol gosea asetzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abenduaren 16a

Ostegunean hasi eta bihar amaituko den Zizurkilgo Kirol Astearen barruan, gaur dute egun handia. Hori dela eta, Hamabi orduz kirolean izeneko festa egunaren barruan, Zunbatoia ospatu dute, arratsaldean, Zimiterioan.

Goizeko 11:00etan Intxaur frontoian antolatu dituzten haurrentzako jolas eta tailerrekin hasi dira jarduerak, Zizurkilen. Hamaiketakoa eta opari banaketa ere egin dute, gainera. Arratsaldean, ekimen horiekin jarraitu dute, 18:00ak bitarte, eta segidan hasi da Zunbatoia saioa.

Zunbatoia ekitaldia, hasiera batean, frontoian bertan egitekoa zen, baina azkenean Zimiteriora aldatu dute, eliza atarian egin dutelarik. Bertan, haur nahiz gaztetxo batzuk, neska-mutil bikote baten gidaritzapean, hasi dira dantzan aurrena. Ondoren, inguruan begira zeuden gurasoetako batzuk ere animatu dira gorputzeko atal ezberdinak, musikaren erritmo berdinera mugitzera. Iluntzean jarraituko du kirol festak Zizurkilen.

Gaueko 22:00etatik aurrera, Haurren Gau Krosa ikusteko aukera izango da. Ordu erdi beranduago emango zaio irteera Zizurkilgo XXI. Gau Krosari, eta orduan, helduek izango dute korri egiteko aukera. Horrez gain, arratsaldeko 19:00etan hasita, kirolarientzako elikaduraren inguruko hitzaldi-tailerra eskaini dute, Atxulondo kultur etxean, Aitor Ugalde nutrizionistak eta Javi Rivero sukaldariak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!