Kirol jarduerak egitera bultzatu nahi dute jendea Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 13a, 18:11

Zizurkilen bihartik igandera bitartean kirolarekin loturiko hainbat ekimen egingo dituzte eta horien artean dago etzi egingo duten XXI. Gau Krosa

Zizurkilgo kirol astearen aurkezpena baliatu dute herriko ordezkariek emakumeak kirola egitera animatzeko. Ainhoa Larrea Kultura teknikariak gogoratu duenez, Aitziber Ibarbiak gidatuta emakume talde bat ateratzen da korri egitera ostiralero. Otaño ikastetxean biltzen dira eta dagoeneko talde bat osatu den arren, emakume gehiago animatu nahi dituzte.

Hain zuzen, bihar, neska futbolarien entrenamendu berezia zuzenduko du Aintzane Encinas Realeko jokalari ohiak Danena futbol zelaian. «Danena futbol elkarteak neskez osatutako bi talde ditu, eta haientzako eta futbola gustatzen zaien gainerako herriko neska guztientzako zabalik dago entrenamendua», esan du Larreak.

HAMABI ORDUZ KIROLEAN

Kirol jardueran elikadurak «sekulako garrantzia» duela iritzi dio Maite Amenabar Zizurkilgo alkateordeak. Horregatik larunbatean, hitzaldi-tailer bat antolatu dute Aitor Ugalde nutrizionista eta Javi Rivero sukaldarien eskutik.

Atxulondo kultur etxean eskainiko duten tailerrarekin batera, larunbatean ere beste hainbat ekimen egingo dira. Hamabi orduz kirolean izenarekin egun osoko jarduerak antolatu dituzte. Gauean izango da nagusiena, XXI. aldiz antolatu duten Gau Krosa. Haurrak izango dira ateratzen aurrenak. 2005etik aurrera jaiotakoek hartuko dute parte eta kilometro bateko distantzia korritu beharko dute, 850 metro kontrolatua eta 150 metro libre. 2002 eta 2004 urteen artean jaiotakoek 2,5 kilometro egin beharko dituzte eta 2001ean edo aurretik jaiotakoek 7 kilometro.

Haurrek ikastetxeetan banatutako eskuorrien bidez edo egunean bertan eman ahalko dute izena. Helduek, berriz, aurrez eman dezakete izena www.herrikrosa.eus helbidean hiru euro ordainduta. Egunean bertan ere izango da horretarako aukera, 21:00etatik aurrera, Joxe Arregi plazan. Kasu horretan bost euro ordaindu beharko dira. Gehienez, 250 korrikalari onartuko dituzte

Parte hartzaileen artean sariak banatuko dituzte. Helduen eta gazteen kategorian lehenengoek, bigarrenek eta hirugarrenek izango dituzte sariak. Haurren lasterketan parte hartzen duten guztiek izango dute beren oparia eta afariak eta materiala ere zozkatuko dituzte. Korrikalari helduenarentzat Dinosaurio Saria banatuko da eta 22 minutu eta segundo batean jarrita dagoen errekorra hausten duenak sari berezi bat eramango du.

Ziotza elkarteak antolatu eta udalak laguntzen duen VII. Pilota txapelketaren finalak, berriz, Intxaur frontoian igandean egingo dituzte 10:00etatik aurrera. Benjaminetan, Izagirre-Alberdi, Gaztañaga-Berozen aurka ariko dira; Alebinetan Babarro-Ibarluzea, Otaegi-Zarrabeitiaren aurka; Infantilen mailan, ostera, Zubizarreta-Mikelarenak, Amundarain-Iztueta bikotea izango du aurkari eta bukatzeko, kadeteen mailan, Amiano-Ballarena eta De la Fuente-Labakaren arteko norgehiagoka ikusi ahal izango da. Sariak banatu eta horrekin amaituko dituzte aurtengo kirol asteko ekimenak Zizurkilen.

Abenduak 15, ostirala

16:00. Neska futbolarien entrenamendu berezia Aintzane Encinas Realeko jokalari ohiaren eskutik. 2004 eta 2006 urteen artean jaiotako neska guztiei irekia.

Abenduak 16, larunbata

19:00. Atxulondo kultur etxean kirolarientzat elikaduraren inguruko hitzaldi-tailerra. Aitor Ugalde nutrizionista eta Javi Rivero sukaldariaren eskutik.

Hamabi orduz kirolean

11:00. Haurrentzat kirol eta jokoak Intxaur frontoian eta ondoren hamaiketakoa eta opari banaketa.

16:00 - 18:00. Umeentzako joko desberdinak izango dira Intxaur frontoian.

18:00. Zumbatoia Intxaur frontoian.

22:00. Haurren Gau Krosa. 2004tik aurrera jaiotakoak.

22:30. Zizurkilgo XXI. Gau Krosa egingo da.

Abenduak 17, igandea

09:30. Ziotza pilota eskolak antolatuta, Intxaur frontoian Zizurkilgo VI. Pilota txapelketako finalak.

 

Liburuaren Astea, astelehenetik aurrera

Urtero bezala Liburuaren Astea antolatu dute Zizurkilen abenduaren 19tik 27ra. Ekitaldiak aurkeztu zituzten atzoko prentsa agerraldian:

Abenduak 19, asteartea

17:30. Mozoloaren bidea ipuin kontaketa saioa Dobera elkartearen eskutik Plazida Otaño liburutegian.

Abenduak 20, asteazkena

17:30. Iriarte kultur etxean Ixabel Milleten eskutik gabonetako ipuinak.

19:30. Mari Karmen Basterretxeak Matrilinealismoa Euskal Herrian hitzaldia eskainiko du Plazida Otaño liburutegian.

Abenduak 22, ostirala

17:30. Teodoro Hernandoren XVI. Ipuin lehiaketa eta Plazida Otaño I. Booktrailer lehiaketako sari banaketa Plazida Otaño liburutegiko gela balioanitzean.

Abenduak 27, asteazkena

Zehazteke. Montesoriren botila sentsorialen tailerra helduentzat Plazida Otaño liburutegian eta haurrentzat eskulan tailerra izango da aldameneko aretoan.

Abenduak 28, osteguna

17:00. Ipuinen mundua familian ekimena. Ipuina eta bertsoa uztartuko dituzte hilabete honetan Plazida Otaño liburutegian. San Millan, Predro Mari Otaño eta Pello Errotako umeek ipuinak bertsotan abestuko dituzte eta bat batean Amaia Agirre, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Unai Mendizabal ariko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!