«Bidaia hau, nire ikaskideei nire gauzak erakusteko baliatzen dut»

Jon Miranda Labaien 2017ko abe. 6a, 07:57

Ikasketa amaierako proiektua burutzen ari da Hodei Arrastoa (Zizurkil, 1995) eta urtero bezala ikaskideekin bere jaioterrira itzuliko da. Emanaldia «aitzakia» bat dela dio, katalanei gure ingurunea erakusteko.

Zer erakutsiko diezu zure ikaskideei?

Bidaia hau, urtero, emanaldia eskaintzeko baliatzen dut baina baita nire ikaskideei nire gauzak erakusteko ere. Sagardotegiren batera ere joaten gara urtero eta Donostia, Gaztelugatxe eta horrelako tokiak bisitatzen ditugu. Aurten, Zarateko Bentan gau bat pasatzeko asmoa dugu.

Emanaldirako gaia aukeratzerakoan zerikusirik izan al du Katalunian bizi den egoerak?

Pentsatzen dut baietz, baina argi adierazi nahi dugu ikuskizunak ez duela bere horretan hilabete hauetan Katalunian gertatutakoa kontatzen. Errepresioaren inguruan gogoeta egin nahi izan dugu, orokorrean. Eta gero, gertatutakoari buruzko zehaztasun argi-argiak ere agertuko dira emanaldian.

Zer moduz bizi izan duzue Katalunian gertatutakoa?

Gure institutua hauteskunde eskola zen urriaren 1ean. Aurreko egunetan gunea okupatu eta erreferenduma egin zen garaian zain zegoen jendearekin egon ginen, animatzaile gisa.

Zein asmo dituzu behin ikasketak amaituta?

Ea non sartzen dudan muturra. Bartzelonan sare bat sortu dut eta ikaskideekin jarraitu nahi nuke proiektuak aurrera eramaten. Baina euskal zinema mundua ere interesatzen zait. Ez dut ezer baztertzen.

Erlazionatuak

Errepresioaz gogoeta egiteko

Jon Miranda Labaien 2017 abe 06 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!