Errepresioaz gogoeta egiteko

Jon Miranda Labaien 2017ko abe. 6a, 07:50

Larunbatean, Bartzelonako Institut del Teatreko ikasleek ' Errepressió' antzerki lana eskainiko dute Atxulondo kultur etxean, 18:00etan eta 20:00etan.

Carles Vallès, Clàudia Añor, Anna Bertran, Maria Antonia Salas, Pol Para eta Alba Tortras Hodei Arrastoa zizurkildarraren ikaskideak dira Bartzelonako Institut del Teatren. Elkarrekin ikuskizuna eskainiko dute larunbatean, abenduaren 9an, Atxulondo kultur etxean eta Katalunian bizi den Irene Mujika eta Iñaki Zalakain billabonatarrek lagunduko diete musikarekin.

Musika izango da ikuskizunak izango duen osagaietako bat, baina doinuek bezainbeste garrantzia izango dute mugimenduek eta testuen interpretazioak. Diziplinartekotasuna azpimarratu du Arrastoak: «Eskolan teknika asko landu ditugu urte hauetan eta material hori guztia aprobetxatu eta emanaldira ekarri nahi dugu, aukeratu dugun gaiaren inguruko gogoeta bultzatzeko».

Errepresioa dute aurtengo emanaldirako gaia. «Taldeko kide batek aipatu zuen Katalunia eta Euskal Herria politikak lotzen dituela maiz, beti gaudela borroka egin behar konstante batean, existitu ahal izateko. Gainerakoak ados agertu ginen eta horren inguruko proposamena izango da larunbatekoa». Horretarako, Mario Benedettiren Pedro y el Capitán antzerki lana irakurri dute taldekide guztiek, «imajinario komun bat sortzeko». Bertan irakurritakoetatik eta beste hainbat idatzietatik abiatu dira, gero, musika, dantza eta testuak sortzeko. Irailetik ari dira entseguetan eta Arrastoak hartu du taldea koordinatzeko eta zuzentzeko ardura.

ZIRKULUAN ANTOLATUTA

Laugarren aldia da Bartzelonako ikaskideekin gisa honetako emanaldi bat antolatzen duela Arrastoak. Lehen bi urteetan esketxak prestatu zituzten eta iaz proposamen berritzaile bat egin zuten mikro-teatro formatuan. Joxe Arregi plaza inguruko lau espazio baliatuta, antzerkia jarraitzeko publikoa alde batetik bestera erabili zuten. Aurten, toki bakar batean, Atxulondo kultur etxeko areto nagusian emango dute Errepressió lana, baina aktoreen inguruan zirkuluan antolatuko dute publikoa: «Bizkarra ematen ari bazait aktorea, nire parean dagoenaren aurpegia ikus dezaket eta bestearen espresioan irakurri aktoreak interpretatzen duena. Esperimentu polita izango da».

Hasiera-hasieratik horixe izan baitu helburu Arrastoak emanaldi hauekin: proposamen ezberdinak egin eta herritarren artean «antzerkiaren inguruko ezagutza handitzea». Zizurkilgo Udalak horretarako emandako laguntza eskertu du, «nirekin oso ondo portatu dira eta lana erraztu didate, dena ongi atera dadin», esan du gazteak. Sarrera ez dute kobratuko baina emanaldiaren irteeran gerturatutakoek beren borondatea emateko aukera izango dute. Modu horretara eskertu ahal izango dute zortzi gazteek hilabete hauetan egin duten lana.

Torturatuta erail zuten Joxe Arregi herritarraren omenezko monolitotik gertu, errepresioa hezur-mamitu zen tokitik metro gutxitara eta urte batzuk geroago, Katalunia eta Euskal Herriko gazteek gaiaz duten ikuspegia ikusteko aukera izango da, dantza, antzerkia eta musika espresiobide bezala hartuta.

ERREPRESSIÓ

Abenduak 9, larunbata

18:00 eta 20:00. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean eskainiko dituzte emanaldia. Bartzelonako Institutu del Teatreko zortzi ikaslek parte hartuko dute eta sarrera doakoa izango da. Bi emanaldien amaieran, ho ri bai, borondatea jasoko dute parte hartzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!