Etxez etxeko gizarte laguntzari eusteko diru gehiago jarri beharko du udalak

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 13a, 17:23

Gizarte zerbitzuen legea aplikatuta, udalei gastu gehigarria eragin dien araudia aplikatzen hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia. Zizurkilgoak 23.000 euro gehiago gastatu beharko ditu etxez etxeko zerbitzuari eusteko.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren finantziazio eredu berria aplikatzen hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zizurkilgo Udalak jakinarazi duenez, "gurea bezalako udal txikien kalterako da". 2008an Gizarte Zerbitzuen Euskal Legean jasotako eskumen banaketa dago finantziazio eredu berri honen oinarrian baina 2015 arte Eusko Jaurlaritzak ez zuen dekretu bidez garatu. Eskumen banaketa honetan, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta udalek eskaini beharreko zerbitzu eta prestazioak jasotzen dira eta ondorioz, besteak beste, Aldundiak bere gain hartu behar ditu udalenak ziren zaharren egoitzak, eta aldi berean, udalak etxez etxeko laguntza zerbitzuaren gastua hartu behar du bere gain.

23.000 euro gehiago

Eskumenen ordenazio eta finantziazio eredu berri honek gastu gehigarria dakar Zizurkilentzat. “Eskumen banaketa berri honekin, egoitza duten herriek jasoko dute onura, batean aurrezten dutena bestean gastatzeko, baina gure kasuan ez da halakorik, herri txikiak izango dira kaltetuenak”, azaldu du Maite Amenabar gizarte zerbitzuetako zinegotziak. 2015ean dekretua kaleratu arren, aurten etorri da etxez etxeko zerbitzuaren finantzazioa aldaketa. Gipuzkoako Aldundiak eta udalen gehiengoak adostutakoaren arabera, aurrerantzean %50 ordainduko du gehienez Aldundiak, 2019ra arte. Hori horrela aplikatuko balitz gutxi gora behera 23.000 euroko gain kostua eragingo luke Zizurkilentzat urtero. EH Bilduk finantzaketan murrizketak ezartzearen aurkako jarrera azaldu du eta horrela onartu berri du Zizurkilgo udalbatzak koalizioko 6 zinegotzien aldeko botoarekin. “Gipuzkoako EH Bildutik salatzen dena da 16 zaharren egoitza hartuko dituela bere gain Gipuzkoako Foru Aldundiak eta aldiz herrialdeko udal guztiok jasango dugula murrizketa. Iruditzen zaigu murrizketa hori ezin dela kolpean egin”, salatu du Amenabarrek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!